Zorionak 25 urte iraun duelako, nik behintzat, interes handikotzat jotzen dudan egitasmoak. Interes handikotzat ez soilik Altsasuko gazte asko eta askorentzat, herri osoarentzat baizik. Eta Euskal Herriko antzeko egitasmoen artean, oso bizia eta zentzu batean eredugarria ere izan delako.
Altsasuko gazte asko badabil egitasmo anitz eta ederretan sartua (kirola, dantza, musika, antzerkia, feminismoa, ekologismoa, festetako kuadrilak, kintoak, ihauteritan, errepresioaren aurka). Eta gauza hauekin herriaren bizitza, kultura eta pentsamendua joaten dira garatzen.
Altsasuko gazte askok egin du eta egiten du "piperoen" esperientzia. Bere kabuz eta bere diruz (irabazitakoa edo paga gisa jasotakoa) piperoa alokatu, atondu eta apaindu beraien gustora, eta bere denbora librea bere erabakiaren arabera antolatzen dute. Ez familiaren, ez instituzioen, ezta merkatuen agindu eta iradokizunen arabera, baizik eta beraien erabakien arabera. Hori oso interesgarria da. Bainan aipaturiko taldeetan dabiltzaten gazteek ez bezala, piperoan nagusi dena ez da herriari begira abiatutako dinamikak, gazteen beraien behar eta nahi propioetara begirakoa baizik. Ez da horrela halabeharrez, bainan nagusiki horrelakoak dira piperoak.
Gaztetxea, nolabait, aipatu ditudan bi jokamolde horien batura da, horretan hartzen du bere izaera. Alde batetik gazteen organizazioa da, autogestionatua, eta gazteen pentsamendu eta jarrera kritikoak lantzeko, sakontzeko, ideiak osatzeko eta praktikan bizitzeko pentsatua dago gaztetxea. Bainan aldi berean gaztetxearen ekimen asko herri osoari zuzendutakoak izan dira eta dira. Adibideak asko eta asko dira. Egiten dituzte gazteentzako kontzertuak eta aldi berean Altsasuko Alde Zaharreko festen bultzatzaileak izan dira. Egingo dituzte gazteentzako jokuak, bainan aldi berean herri osoak entzun dezakeen irratia jartzen dute abian. Antolatzen duten hitzaldi asko (ekologia dela, elikaduna-burujabetza dela, munduko herrialde askotako esperientziak, feminismoarei buruzko debateak eta martxak, Lucioren liburuaren aurkezpena eta memoria historikoaren berreraikuntza, errepresioaren izaera mundialari buruzko hitzaldiak...) ez dira gazteentzako soilik, helduek ere badugu horietan zer ikasi.
Gazteen erakundetze prozesua anitza da. Dauden erakunde kultural, erreibindikatibo, politiko, deportibo, produktiboetan parte hartzea ondo dago. Piperoen esperientzia bizitzea aberasgarria. Kintoen esperientzia berdin... Gaztetxea osatzea, 25 urte bizirik mantentzea eta oraindik onena etorkizun dagoela esatea... hori hazaña bat da, Altsasuko gazteen arrotasuna elikatzeko modukoa. Eta auzia ez da ia egin duten gauzak nire gustokoak izan diren ala ez, auzia ez da zabaldu duten ideiak nire ideien kordakoak diren ala ez, auzia ez da gaztetxekoen estetika (jantziak, ileak, percignak, tatuajeak, garagardoa edateko modua, mariak, pintadak eta pintaden estiloa...). Okasioak dira gai horietaz solastatzeko. Eztabaidak egon daitezke. Bainan balorazioaren erdigunea ez hori. Balorazioaren muina, nire ustez, hauxe da: ehundaka gaztek, 25 urteetan, ausardia izan dute beraien ideiak eta ekimenak pentsatzeko, lantzeko eta egiteko. Autogestioa gure esku dago esatea, erabakiz erabakitzen ikastea... hori da Altsasuko herrirako opari bikain bat, jende gazteak eskeini diona 1990tik 2015era. Beraien esperientzia, baita ere Gaztetxearen bilakaera, momentu onak eta larriak, jokamolde ondo asmatuak eta akatsak, handik pasa den jendearen esperientzia pertsonala, duten oroimena, eman dutena eta jaso dutena... hori dena argitara ematea, Altsasuko altxor bizi bat argitara ematea da. Horregatik diot hasieran eta errepikatu nahi du amaieran: ZORIONAK GAZTETXEA! ZORIONAK ALTSASU!
Urkizu.