Galdera: Gustokoak dituzu txoriak?
Erantzuna: Animaliak!
G: Nondik datorkizu joera hori?
E: Ez dakit. Nire gurasoek ez duten animalienganako joerarik. Aitonamonak? Ez dakit. Nire haurtzaroan ez dut aurkitzen animaliekiko oroimen berezirik.
G: Zergatik joera hori?
E: Animaliak gauza handia dira, nire ustez. Gizakiok ematen ez duguna eskeintzen digute animaliak: atsedena, errelajoa. Beraiekin gustora egoten naiz. Ez dute engainatzen. Zoriontsu naiz haiekin. Haien ondoan denbora ez da igarotzen. Erlojua jarri behar izaten dut, bestela, konturatzerako pasatu zait denbora eta korrikan joan beharra dut zereginetara. Momentu txarrak ere izaten dira animaliekin. Hiltzen hasten direnean asko sufritzen da. Bueno. Animaliak maite badituzu!
G: Animalien artean txoriak?
E: Txoriak eta txakurrak. Orohar hegaztiak eta mamiferoak.
G: Bota oroimenak!
E: Duela urte batzuk kanariozaleen Federazioan sartu nintzen. Lehiaketa batera joan nintzen. Lau kanario eraman nituen eta bi sarirekin itzuli nintzen etxera!
G: Gehiago?
E: Nire lehen txakurra. "Argi" zuen izena. "Oreina" kolorekoa zen. "Mimipincha" arrazakoa zen. Bala bat bezalakoa zen. Azkarra. Oso argia zen. Tximista bezelakoa. Nire disgusto handia, ikaragarria izan zen neure kotxez harrapatu nuela eta hil egin zela.
G: Kanarioetan zein klasifikazio egiten da?
E: Kanarioa, berez, hegazti tropikala da. Jatorrizko kanarioak berdeak dira. Kanaria uharteetan asko daude. Handik, nonbait, izena. Sailkapen mota asko daude: koloreen arabera, kantuaren arabera, irudiaren arabera.
G: Koloreen arabera...
E: Nik ditudanak gorriak, txuriak eta oriak dira. Bainan ehundaka koloretakoak daude: berdeak, agata kolorekoak, isabela izenekoak etabar....
G: Kantuaren arabera...
E: Badago sail bat "timbrado espainiarra" deitzen dena. Horiek dira balkoietan kantuka indartsu dabiltzatenak; beste bat da "royer alemandarra", eta oso baju kantatzen du, mokoa nahiko itxia bait dauka; hirugarren mota bat da "malinoak", eta hauei esaten zaie "uretako kantaria". Bere txioa uretan sartuta bezala egiten duela ematen du.
G: Irudiaren arabera...
E: Gorputzaren itxurak, lumen estiloak etabar... osatzen dute irudia eta sailkapena oso zabala da: kixkurrak, flautak, buruhandiak, fifisak...
G: Bereizten al dituzu zure kanarioak kantuarengatik?
E: Ez da erraza. Nik izan nituen bi kanario, eta horien kantu motagatik banekien nor zen kantari. Ni egoten naiz kanarioekin 2/4 ordu egunero. Bainan ez da erraza entzute hutsez bereiztea eta ezagutzea.
Horretan ginela azaldu zen Sorkunde harategian Manuel, eta bere oroimen bat kontatu zigun: Behin, Manuelek 12 urte zituelarik, etxeko asta-emea galdu zuen mendian, Sierra Morena ingurutan. Aldapa gora, amildegi bera, oso paraje malkartsua zen eta etsitua zegoen. Artzai batekin topo egin zuen eta honek esan zion: "Deitu eiozu, ohiuka. Entzungo dizu eta erantzungo dizu". Hala egin zuen eta minutu batzutara hara zer poza! han non entzuten duen: "Ah Ah Ah AH Ah Ah!!!!" Astaemea zen!. Manuelek esan digu: "Animaliei? Hitzegitea bakarrik falta zaie!
Jesusi azken galdera bota diot.
G: Zer da zuretzat kanarioa? Esaidazu bizpahiru esalditan, labur.
Ez zen luzatu erantzuna.
E: Nire bizitzaren zati bat da. Babesa, ihesa eta poza. Oreka ematen didan laguna.
Urkizu.