Behikolarko bidea hartu nuen basora hurbiltzeko. Basoaren eskuineko muturra ikusten nuen. Urrats batzuk eman eta Behikolarko zehar bidera iritsi eta hantxe agertu zen nire begi aurrean begirada betez Behikolarko Basoa. Tarteko bidean belatso batean hiru behi beltzaran etzanda patxadan. Aurreratxeago hazelga erraldoiak zituen baratze bat. Segidan haritzondo sendo dotoreen itzalpean babesturiko etxe zabalak. Basora bidean, eskuinera, belatso berde zabal eta gozo hedatuak.
Ezkerretara bidezigor batetik sartu nintzen basoan. Mirari! Mirari han zegoen! Goizalba boreala zirudien hango koloreen festa. Goraino jo nuen eta orduan hasi nintzen entzuten Behikolarko Basoaren Aienea:
Zulo bat egina zuen barrenetik, autobiari lekua egiteko. Basoaren muinoaren barrenak zulatuak, hainbat zuhaitzen sustraiak moztuak, milaka ahar eta bestelako animalitxo akatuak edo behar duten ekosistema iraulia.
Inguran, handik eta hemenik, errepidea animali metalikoz beteak, kristoren zarata ateratzen zutelarik... Eta baso eder hartatik txoriak ihes eginak, horrelako zarata jasan ezinik.
Aienea kontatzen dizuet bainan ez diot inori kulpa, erru edo kondenarik botatzen. Jakinarazteko baizik ez da. Zuek egiten duzutena ondorioak badituela zuengan eta zuek bezela bizia duten landare eta animaliengan. Eta sumatzen dut zuen ekintzaren ondorio hauek ez ta pentsatu ere ez duzutela egiten. Eta bestalde, egia al da entzun dudana? Autobia (zulo, zarata eta guzti) egin zenuten Gasteiztik Donostiara minutu batzuk azkarrago joateko! Bainan egia al da minutu horiek gero alperrikan eta desesperazioan galtzen duzutela Gasteizen edo Donostian aparkatzen edota hiri horietan sartzerakoan sortzen diren kotxe hilara neketsuetan?
Muinoren puntatik eta Basoaren erdigunetik beste aldera, Altsasuko zelai zabalen aldera jetxi nintzen eta zuhaitz baten erroek osatzen zuten aulki moduko batean exeri nintzen. Orduan basoak erakutsi zidan bere misterioa:
Nola egiten du basoak? Udaberrian, bizitzaren indar berriak etortzen direnean basoa berdearen eztanda lujuriosoa bihurtzen da! Bainan udazkenean, bizitzaren indarra izkutatzera doaztenean ere, basoa orrixka eta gorrixkaren eztanda ikusgarri ederra bihurtzen da! Hau misterioa! Basoak badaki bizitza ospatu... eta badaki heriotza ere dantza erogarri eta edergarri batez ospatu!
Ixilik egon nintzen denboratxo bat. Esker onez beterik bihotza. Altxa eta herrira itzuli nintzen.
Urkizu.