txerri hilketa, txerriboda eta txerrien infernuak

Erabiltzailearen aurpegia Urkizu 2016ko urt. 11a, 16:36

San Martinetan hasi eta negu osoan txerriak hiltzeko garaia izaten da gure artean. Edo izan da mendetan. Txerri bakoitzak badu bere San Martín.... Santo Tomás txorizo tomarás... Bainan urte osoan ditugu babarrunak bere sakramentuekin jateko okasioa. Eta pentsatzen jarrita........

Bost urte nituen orduan. Legazpiko Muru baserritik, pantano aldera, aldapa jetxi eta han aurkitzen zen txabolen gunea. "Bellota" empresan fundizioan, laminazioan... eta holako lanetan aritzen ziren San Ignacio auzokideak, lan gogorraren ondoren txabolara joaten ziren porru batzuk, patata batzuk, letxuga batzuk, landatu, zaindu eta jasotzera. Baita ere, ogi apurrak oiloentzat eta txerri jana jaun txerrientzat.

Nire gurasoek txabola horietako bat zuten eta bertan hazitako txerriari etorri zitzaion azken karraxia emateko unea. Bost urte nituen. Muru baserriaren ondoan nengoen... eta bihotza ebaki zaidan urte hartako txerriak botatako karraxiak. Barne korronte elektriko desasegin batek gurutzatu ninduen.

Urte bete geroago, urte hartako txerriari tokatu zitzaion zeremonia. Eta orduan, gizon heldu txerri hiltzaile guztien artean haurtxo bat zegoen, laguntzen... buztanatik tiraka! Ni nintzen. Sei urte nituen. Txerria hil eta gero auzolan moduko festalan ederra egiten genuen geure etxean. Txerria modu egokiz ustu (odola, esteak, urdaia...), modu egokiz ebaki, zintzilik utzi, eta sukaldean olioa, tipularen negarrak, gatza, ura irakiten, lehen odolkiak egiten, birika, txistorra... Festa ederra gure familia eta Montte dulzaineroaren familiko Marikruz espezialista horrelako lanetan...

Askoz geroago, ordurako hogei urte pasa nituen, Leitzako Pastain baserrian, lehengusuen baserrian, egon nintzen azken aldiz txerri hilketa batean. Aitona, etxeko nagusia, semeak, anaiak, suiak, alabak, errainak... oso giro ederrean, eta bizirautezko oso premiazkoa txerriak emandakoa. Nire lehengusua, baserritara eta artzaia, zen, garai hartan eta geroxeago, herri osoan txerri hiltzaile preziatu eta deituena. Gutxi ezagutu ditut hura bezain Lurraren eta animalien maitale.

Horra hor txerri hilketa eta txerriboda kristaua. Fundamentuz egina. Txerria ondo zaindua, inolako torturarik gabe hezia, libre belatsoan eta etxe ondoko putzutan. Bizitza ederra benetan txerriarena. Eta gero... errespeto osoz, estima handiz, ia ia baimena eskatuta, hilketaren zeremonia. Gogoan dut Xuberoaren ba omen zegoela eta erabiltzen zela Hartza akatzeko otoiz bat. Hartzari berari eskatzen zitzaion baimena hartza hiltzeko. Uste dut Xamarren Orhipean liburuan dagoela otoitz hori idatzia.

 

Joan den urtean irakurri nuen liburu bat. Izenburua: "El negocio de la comida". Egilea: Ester Vivas. Ba al dakigu zer jaten dugun? Ba al dakigu nola "zaintzen" diren txerriak, oiloak, behiak... agroindustriako empresa erraldoietan? Ba al dakigu pilatuak daudela milaka txerri edo oilo edo behi, benetako "kontzentrazio eremutan"? Ba al dakigu bere bizitza osoa oso leku estuan eraman dutela, handik mogitu gabe? Ba al dakigu antibiotikoak eta beste motatako medizinak hartzen dituztela? Ba al dakigu agroindustria horrek pikutara (miseriara eta langabezira) bidaltzen dituela milaka eta milaka nekazari mundu osoan (eta gurean)? Ba al dakigu zenbat kilometro ibili da munduan zehar gure frigorifikoan gorde dugun txerri- edo behi-txuleta horrek? Ba al dakigu merkantzien mogimendu horrek iraulketa klimatikoan duen eragina? Ba al dakigu non eta nola sortzen diren gripe-aviar delakoa, edo behi eroen mehatxua? Milioika pertsonen bizitza-duina (goserik gabea), klime abegikorra bizidunentzat, eta bizidunen osasuna daude inplikatuak joku makabro honetan.

Kontzentrazio eremuko txerrientzat, Urbasan dabiltzaten txerriak paradisuan daude. Benetan infernua errealitatea da. Galde diezaiekegu agroindustriaren txerriei!!! Duela gutxi hildako Derrida filosofoak esaten zuen gizadiarentzat galde-ikur potoloenetako bat dela animaliekiko dugun jarrera berkontsideratzea.