86 URTEKO ARTISTA

Erabiltzailearen aurpegia Urkizu 2016ko mar. 16a, 14:30

Egia esan, eta esan gabe doa, gure aiton-amonak artistak dira. Bai. Bizitzaren artistak. Eta momentu batzutan, beraiek edo gu konturatuta edo gabe, edertasun handiko irakaskintza sakonak ematen dizkigute

Adibidez, nork ez du bere golkoan gozo-gozo gordeta haur garaian amonak egiten zigun patata-tortila goxoaren zapore berezi hura? Bai. Gure amon asko eta asko sukdaldaritzan artista batzuk ziren eta dira: janari goxoa, amoltsuki egina, maitasunez eskainia...Perfekzioaren gailurreko sukaldaritza integrala.

Eta aitonek edo amonek kantatzen dituzten kantak!... "Txalo, txalo, txalo pin. Ator etxera Mattin.Mattinek kapia galdu din. Galdu dun bezala bilatuko din. Din din din din". Nola ez dira gure zainetan geldituko? Bach, Beethowen, Malher, Laboa edo Mercedes Sosaren kantuak baino barrurago! Arte lanak bait dira! Ahots kraskatuarekin, musika tutik ere jakin gabe, bainan arte lan perfektuak dira horiek, bizitzeko gogoan txertatuak gure baitan!

Bainan gaur ez noa aiton-amonek, oro har, eskeinten diguten bizitzaren arteari eta artearen bizitzari buruz hitzegitera. Gaur, egin dudan aurkikuntza berri baten berri eman nahi dizuet.

Bada gizon bat, deitzen da Klaudio eta abizena Liberal du. Hor dabil egun askotan arratsaldetan Altsasuko San Juan kalean paseoan, bere makuluarekin eta bere irrifarrarekin. Ez nuen inoiz somatu ere egingo, bainan egun batean, eta ez dakit nola, esan egin zidan bera marrazkilari-pintorea zela. Txikitatik du afizioa, eta bere bizitza luze (86 urte ditu) eta korapilatsuan beti mandendu du afizioa. Ez du ikastarorik egin, ez du klaserik hartu. Berak marraztu eta marraztu, eta jubilatu zenetik are gehiago. Bere marrazki koloreztatutan jaio zen Caceres probintziako hainbat herritako plaza, eraikin ospetsu, kale bazterrak marraztu ditu; Altsasuko hainbat txoko ere pasa da bere kuadernoetako orrialdeetara, tartean arbola zahar jadanik harriarekin ezkonduaren plaza eta kioskoa; eta kaletan aurkitzen dituen karamelo edo bestelakoen paper abandonatuetan aurkitu dituen Tailandiako, Niammarreko, India eta Vietnamgo argazkiak bere kuadernoan bihurtu dira marrazki koloreztatuak. Ez dakit zenbat kuaderno ditu horrela beteta.

Klaudio da. Liberal da. Eta bere etxeko gelatxo batean, mendiei eta arbolei, txoriei eta belarrei begira dagoela, hantxe egoten da pinturak hartu eta mundu berriak irudikatzen. Gure herriko 86 urteko artista.