Kolaborazioa

Kurriloa (Grus grus)

WIKIMEDIA

Azken egun hauetan, hegazti eder honen pasearen une azpimarragarriena gertatu zen. Goizean goiz, sukaldeko leihotik soinu arraro baina ezagun bat entzuten zen, leihoa ireki eta han ziren, udazkeneko lehenengo bandoa. Tronpeta desafinatu baten soinua emititzen dute (hainbat kilometrotara entzun ahal dena) eta "V" formako taldeetan hegan egiten dute. Alabekin gosaldu ondoren eskolarako bidea hartu genuen, eta kalean ginela, alabek beste talde bat sumatu zuten. Animalia horiek ezagutzen zituzten baina espeziearen izena ez zuten gogoan.

Hara kurriloak! Esan nien. Hurrengo urtean hegazti hauen izena gogoratuko duten itxaropena daukat.

Pasa den hilabeteko protagonista (Sai zuria) bezala, kurriloak hegazti migratzaileak dira. Hala eta guztiz ere, espezie honen migrazio patroia arras desberdina da. Kurriloak Europako eta Asiako iparraldean kumatzen dira udaberrian, han eguraldia okertzen denean hegoaldera bidaiatzen dute, batez ere Iberiar Penintsulara. Hortaz, une honetan, kumaldi osteko migrazioan daude eta gure herrien gainetik pasatzen dira hegoaldeko gune ireki eta dehesak erakarrita. Espezie honek gune ireki eta lasaiak gogoko ditu, gutxitan Sakanan geldialdiak egiten dituzte baina Nafarroako hegoaldeko hezegunetan atseden hartzen errazago ikus daitezke. Aspaldi, kurriloak iberiar penintsulan ugaltzen ziren, gaur egun espeziearen ugalketa soilik fauna berreskuratzeko zentroetan lortu da.

Kurriloak silueta oso bereizgarria dute hegan. Hegazti liraina da, errauts koloreko gorputz mehea dute. Hanka eta lepo luzea dute, zikoinen antzera. Buru dotorea daukate, pileo gorriak kontraste ederra egiten baitu marka beltzekin. Mokoa berdexka izaten da helduen kasuan.

Iberiar Penintsulan 250.000 ale inguruk negua igarotzen dute. Horietako gehienak Extremadurako dehesetan geratzen dira. Han beharrezkoa dute lasaitasuna eta bazka lortzen dute, ezkurrak hain zuzen ere. Hortaz, txerriak ez dira hango arteen fruituak probesten dituzten bakarrak.

Kurriloek dieta orohar landarejalea dute; errizomak, kimuak, hostoak eta tuberkuluak jaten dituzte. Ugal garaian horretaz gain ornogabe pila jaten dituzte, haien proteinak beharrezkoak baitira ugal sasoian. Neguan, arestian aipatu bezala dieta energia aldetik apalagoa izaten dute, batez ere ezkurrak jaten dituzte.

Neguaren amaieran, otsaila eta martxoa artean, kurriloek Europa iparralderako bidea hartzen dute ugaltzeko senak mugituta. Han arrek leku lasaiak bilatzen dituzte haien gorteatzeari hasiera emateko. Bi sexuek dantza baten antzekoa den mugimendu eta jauzi nahasketa egiten dute. Normalean kabia hezeguneetako landarediaren gainean ipintzen dute, ekarritako lezkak kabiaren euskarri izaten dira. Arrautzen inkubazioan bi sexuek parte hartzen dute. Jaio ondoren, ordu gutxi batzuetara, txitek hegan egiteko gaitasuna daukate. Urteko gazteek, helduak migrazioan lagun izaten dituzte.

Kurriloen jokaera migratzaileak kultu eta miresmena esnatu du aintzinako zibilizazio zein egungo kulturetan. Kurriloak bere urtaroko zikloan suntsipenaren zien sorreraren adierazle bilakatu dira, heriotza eta jaiotza hain zuzen ere. Gure latitudean, kurriloen etorrera elurteen gertutasunarekin erlazionatzen da, hau da, negua ate joka dugula (heriotza). Aitzitik, ipar latitudeetan kurriloen iritsierak bizia dakar, udaberriaren etorreraren seinale.

Askotan entzun dugu kurriloak elurraren mezulari direla. Mito horrekin nahiko eszeptikoa izan naiz urte asko joan zaizkigulako ia elurrik ikusi gabe. Kurriloek, noski, urtero migratzen dute. Ea aurten zer eskaintzen digun neguak, udazkenak bere urteroko soinu eta irudi espektakulua utzi digu kurriloekin. Ohean etzanda, gauean, kurriloak teilatuen gainean tronpeteatzen entzutea sentsazio ikaragarria da. Niri baretasuna dakarkit, oso aldakorra den gizarte edo mundu batean ziklo batzuk behintzat egonkor mantentzearen lasaitasuna.