Lepahoria Iberiar Penintsulako iparraldetik Ural mendilerrora aurki daitekeen haragijalea da. Igaraba, erbinude eta azkonarrekin talde filogenetikoa partekatzen du, mustelidoen familia hain zuzen ere. "Basoko dama" bezala ezagutzen da eta katu baten tamainako harrapari fina da. Basoaren babesean bere dieta zabala osatzen duten harrapakinak aurkitzen ditu, ugaztun txiki (karraskariak), anfibioak, narrastiak eta hegazti txikiak batez ere. Zuhaitzen adarren artean 5 m-ko jauziak egin ditzake, horregatik, urtxintxen amesgaiztoa izatea uler dezakegu.
Gorputz arre eta krema koloreko lepokoak bereizten du bere lehengusu diren lepazuriekin (Martes foina), azken hauek lepoko zuria baitute. Ekologia aldetik lepahoriak basoko espeziea kontsidera daitezke, besteak, berriz, hainbat habitatetan aurki daitezke. Zuhaitzetako kopetan zein lurrean ehizatzeko gaitasuna duen espezialista dugu. Gauez mugitzeko ohitura oso markatua dauka baina ugalketa garaian egunez hauek ikusten errazagoa da.
Espezie hau bitan ikusteko aukera izan dut, eguneko argiak lagunduta eta hauen ugalketa sasoia lagun nuela. Behin Altsasuko Santa Luzia parajean haizea alde nuela bere aurrean 20 segundo oharkabean pasa nituen. Animalia zale batentzat erretinan betirako mantentzen den eszena. Ahaztezina!
Mustelido honen ugalketa berezia da. Nolabait esateko bi araldi dituzte, faltsua eta benetakoa. Benetako araldia udaberri amaieran eta udan izaten da. Une horretan gorotzen bidezko markazioak biderkatzen dira eta kopulak gertatzen dira. Ugalketaren ondoren sortutako enbrioia ez da momentuan garatzen, hau da, ernaldia ez da hor hasten. Animalia hauen enbrioiak handik zazpi hilabetetara garatzen dira (martxo ingurua). Prozesu honi "Zigotoaren ezarpen atzeratua" deritzo. Horrela, lepahori kumeak jaiotzean biziraupenerako baldintza hobeak izatea bermatzen dute. Arestian aipatutako araldi faltsuan (negua) lepahoriek haien lurraldea gogoz defendatzen dute eta lurralde mugen markak ere areagotzen dira.
Duela gutxi arte espeziea baso helduetan soilik bizi ahal zela uste zen. Gaur egun, badakigu harizti zahar eta ongi garatuetan zein produkziorako bideratutako pinudietan mugitu ahal dela. Azken urteetan nekazal lurrek atzera egin dute eta basoaren hedapena gertatzen ari da, baso azalera handituz doa eta baso desberdinen konexioa ahalbidetzen ari da, gure hilabeteko protagonistak ez du aukera galdu eta arruntagoa bilakatu da.
1953. urtean estatu mailan Animalia Kaltegarrien Iraungitze Batzarra onartu zen (Junta de Extinción de Alimañas). Batzar honek animalia kaltegarria bakoitzari balio/tarifa bat jartzen zion. Honela otso ar bat hiltzen bazenuen 15 pezeta jasotzekoa aukera zenuen. Otso hori emea balitz, 5 pezeta gehiago kobratzeko aukera zegoen. Emeak baliotsuagoak ziren ondorengoak uzteko aukera ezabatzen zelako. Batzar zentzugabe honek lepahoriengan ere zoritxarreko eragina izan zuen. Lepahori indibiduo baten gorpua aurkezteak 3,75 pezetako saria zuen.
Sari honetaz gain beste apur bat lortu ahal zen izaki hauen larrua saltzen. Modarako larruen industrian lepahoriena oso preziatua zen. Lepahori larruak Erdi Aroan izugarrizko garrantzia lortu zuten eta trukeetan txanpon bezala erabiltzen zen, luxuzko produktua zen. Haragijale hauek modu askotan harrapatu ahal ziren: tranpak, zepoak, lazoak, pozoiak…
Hortaz, erraz ulertu ahal dugun moduan urte horietan orokorrean harraparien populazioen gainbehera oso markatua egon zen. Gure protagonistaren kasuan basoetan ezkutatuta biziraun zuen eta gaur egun beste baso espezie askorekin gertatzen den moduan hauen populaziok egonkortzen ari dira. Zorionez, hauek utzitako lurralde mugak markatzeko gorotzak, Sakanako edozein basotan aurki daitezke!