Ugatza (Gypaetus barbatus) zeruetan nagusitzen den hegazti horietako bat da. Beren hego hedadura handia (2,75m) eta hegaldi motak, horretan laguntzen du, zalantzarik gabe. Gure zeruetan soilik sai arreak erakusten du silueta handiagoa. Hildako animaliez elikatzen den sarraskijalea dugu, gorpuen haragia batez ere jaten du baina hezurrak irensteko ahalmena dauka. Ugatzek hezurrak kontsumitzeko estrategia ikusgarria erabili ohi dute. Hauek, hezurrak lurretik hanketan hartu eta hegan altuera irabazten dute, behin altuera nahikoa hartuta hezurra askatzen dute eta hezurrak arroka zein harrien aurka talka egiten apurtzen dituzte. Hezurra apurtuta dutenean, lasai jaitsi eta hezur muina jaten dute. Hezurrak apurtzeko erabiltzen duten gune zehatzari gazteleraz "Rompedero" deritzo. Gune horien erabilera belaunaldiz belaunaldi transmititzen da, beraz, kulturalki ikasitako jokaera baten aurrean gaude. Gure mendietan ikusi ahal dugun dokumental eszenarik ederrenetarikoa da.
Ugatza hotzarekin berotzen den espeziea dela esan ohi da. Izan ere, espezie honen ugalketa sasoia urteko unerik hotzenean ematen da. Ugatzek lurralde jakin bat defendatzen dute, bertan kabi desberdinak eraikitzen dituzte. Data hauetan, inkubatzen zein txita jaioberriak zaintzen egon beharko lirateke. Orain arte, ugalketaren inguruan irakurritakoa nahiko arrunta da, ezta? Ba goazen saltsari perrexil pixka bat botatzera. Ugatzen kasuan amodio hirukoteak eta laukoteak behatu izan dira. Monogamiaz aspertu den espeziea al da? Hirukoteak normalean bi arrek eta eme batek osatzen dituzte. Kasu honetan, emeak bi arrekin kopulatzen behatu dira. Jokaera honi zientzia arloan poliandria deritzo. Arraroago da duela gutxi Pirinioetan ikusi dena, bi eme eta ar batez osatutako hirukotea. Jokamolde sexual hau soilik Alpeetan behatu izan da eta poliginia deritzo. Laukoteak oso arraroak dira (2 ar eta 2 eme) ugal arrakastarik ez da behatu momentuz.
Argazkian ikusten duzuen ugatza Muel da. Aralarko ugalketa unitatearen emea dugu. Aurten Nafarroako naturaren kontserbazioan mugarri historikoa ahalbidetu duen ugatz aletariko bat da. Pirinio eta Aurrepirinioan hainbat ugalketa unitateek haien ondorengoak aurrera ateratzeko gai izaten dira, baina zonalde honetatik kanpo ugalketa arrakastatsurik ez da behatu. Ugatzek haien konfort zonaldea utzi eta mendebalderago, Euskal Mendietan, ugaltzeko urratsa eman dute. Izan ere, hainbat porroten ostean Muel eta bere bikote arrak (Identifikatu gabeko arra) txita bat hazi zuten. Txita honek, jaiotzen ikusi zuen udalerriaren izena hartu zuen. Araitz, jada aske hegan egiten du eta bere gurasoen lurraldea utzi beharko du hauek aurtengo ugalketa sasoiari hasiera eman ahal izateko.
Araitz-ek 6 urte bete beharko ditu heldutasun sexuala lortzeko. Espezie honek, heldutasun sexualera iristean jaiotako lekutik gertura itzultzeko joera dauka. Hortaz, Araitz Aralarrera bueltatuko dela espero dugu naturzaleok. Bere gurasoek Sakanako Harana erabiltzen dute bazka bilatzeko, bertan hegan ikustea ez da hain arraro. Aralarko lurraldea bikote baten menpe egotekotan, Araitz, handik bortizki kanporatu ahal dute. Hori gertatuta, nora joko zuen? Sakanan dauden harkaizti interesgarrietan lurraldea ezarri ahalko luke? Horri erantzuna emateko gutxienez 6 urte itxaron beharko ditugu baina Sakanako naturzaleen ametsa dela ezin da ukatu.
Kiriku, Arbaiungo arroilatik gertu jaio zen arra, Aralarko konkistari ekin zion 2011. urtean, 2016-an beste ale bat agertu zen eta hirukotea 2017-an osatu zen. Kiriku-k ugal arrakastarik ez zuen izan bere bizitzan zehar baina Aralarko ugalketa unitatearen fundatzailea kontsidera daiteke. Lurraldearen konkistan sekulako garrantzia izan zuen alea, zalantza izpirik gabe. Batek daki, baina Araitz-ek horrelako konkista bati ekin ahalko dio, hemendik urte batzuetara. Horretarako oztopo pila gainditu beharko ditu, baina txorizaleon itxaropena hortxe dago.
Ez izan presarik, pazientziaz itxarongo zaitugu, Araitz.