Kolaborazioa

Okil beltza (Dryocopus martius)

Argazkia: Animalia

Okil beltza, alde nabariarekin, Europako okil handiena dugu. Baso eurosiberiarretan aurkitu du babeslekua hegazti honek. Lehen arraroa bazen ere, gaur egun haien populazioa gora doa eta geroz eta errazagoa da haien erreklamoak entzutea, batez ere gure pagadietan. Betidanik, pagadi helduekin erlazionatu izan da, hala ere, konifera landaketak modu sendoan ustiatzen dituzte. Baso horietan bere dietaren parte diren koleoptero xilofagoak (egur hilaz elikatzen diren zomorroak) gogotsu kontsumitzen ditu. Hortaz, baso plagen kontrolatzaile natural onenetarikoa da.

Hegazti horren identifikazioan zalantzarik ezin da izan, beltz koloreko okil espezie bakarra baita. Bele baten tamaina dauka eta txapelgorriak dira, eta arraren txapela emearena baino handiagoa da. Guzti horrengatik identifikazio morfologikoa erraza da, baina kantu zein erreklamoen bidezko identifikazioa are samurragoa da.

Okilen gorputza enborretan gora eta behera ibiltzeko morfologia egokitua du. Batetik, behatz zigodaktiloak garatu dituzte, hau da, lau hatz dituzten oinak. Bi behatz aurrera proiektatuta dituzte eta beste biak atzera. Horrela, enborretan euspena hobetzen dute. Bestetik, buztaneko lumak, errektrizak zehatzago izateko, oso gogor eta zurrunak dituzte, enborretan ezin hobeto egonkortzeko.

Modu berean, enborrak zulatzeko, buruan ere moldapenak garatu dituzte. Burezurrak hezur pneumatizatuak ditu, hau da, haien tartean aire ganbarak geratzen dira enborren kontrako talkak moteltzeko. Gainera, mihi fin eta luzeak garatu dituzte. Horrekin enborretan barrena dauden intsektu larbak harrapatzeaz aparte, talkak ere arindu ahal dituzte. Mingaina burezurrean zehar kiribiltzen da burmuina inguratuz, horrela, zuhaitzen kontrako inpaktuak leundu ahal dituztela ikusi da.

Une honetan, okil beltzak etxe baten bila dabiltza. Ugalketa sasoian daude eta kabia ezartzeko zuhaitz egokia aurkitu behar dute. Normalean, kabiak zuhaitz zaharretan egiten dituzte, oso altu. Kabia sakonak egiten dituzte eta horren eraikuntzan emeek zein arrek parte hartze hartzen dute. Hiru eta zazpi arrautza jartzen dituzte eta txitek ekain-uztail inguruan kabitik salto egiten dute.

Espezie hori basoetan ikustea zaila da, hala ere, hauek utzitako aztarnak detektatzea nahiko erraza da. Batetik kantu gama oso bereizgarria du. Oihu ozen oso metalikoak emititzen dituzte, kvi-kvi-kvi errepikakorra. Hegan doazenean ere, krrukru-krru moduko kantu nahas ezina egiten dute. Kantu horiek negu akaberan, otsaila eta martxoan hain zuzen ere, areagotzen dira. Bestalde, lehen aipatu den bezala, okil beltzak gure basoetako danbor jole indartsuenak dira. Beren mokoarekin gogoz jotzen dituzte zuhaitzen enborrak eta ateratako soinua distantzia handietan entzun daiteke. Okil beltzen kasuan arren danbor jotze sekuentziak emearenak baino luzeagoak izaten dira. Batez besteko minutu batean 150 aldiz kolpatu ahal dute enborra eta askotan 17 kolpe inguru behar izaten dituzte soilik enbor azala kentzeko. Txorizale adituenek, danbor horren soinuaren arabera okil espezieak identifikatu ditzakete. Horretan ibiltzen direnak, askotan ez dute hegaztia ikusi behar espeziea identifikatzeko, soinuarekin aski izaten dute.

Horretaz aparte, okil beltzek hainbat arrasto uzten dituzte mendian. Ustiatzen dituzten zuhaitzetan adibidez, oinarrian, enborren zulaketan ateratako ezpalak geratzen dira. Gainontzeko okilek baino ezpal handiagoak uzten ditu gure protagonistak. Bestalde, enborretan utzitako arrasto nabarienak zuloak dira. Espezie honek zuloak eraikitzen ditu babeserako zein ugalketarako (kabiak). Okil beltzaren kasuan zuloen diametroa oso handia da eta askotan kabiek malko forma har dezakete.

Ikusten duzuen moduan, garai ona da okilak bilatzeko, basoetan aztarnak aurki daitezke eta zortearekin baita kabia ere. Kabia aurkituz gero, mesedez ez hurbildu gehiegi eta ez molestatu helduek txitaldia galdu ahal baitute, txitak alde batera utzita. Askotan argazki polita bilatzeak okil bikote baten lana zapuztu dezake.