Kolaborazioa

Azeria (Vulpes vulpes)

Erabiltzailearen aurpegia Xabier Lopez Saez de Asteasu 2025eko maiatzaren 12a

Une honetan Sakanan dugun kanidoen familiako kide bakarra azeria da. Une honetan diot, Nafarroako eta Euskal Herriko hainbat gunetan bere lehengusu nagusia antzeman izan delako, ulertuko duzuen moduan, otsoaren inguruan ari naiz hizketan.

Mundu mailan hedapen zabalena duen haragijalea da maiatzeko protagonista. Ipar hemisferio ia osoan zabaltzen da, eta Australian ere gizakiok sartu genuen. Habitat ia gehienak kolonizatu izan dituen animalia da, tundran zein basamortuetan aurki daiteke.

Garai honetan azeri gordelekuetan kumeak daude. Gordelekuak hainbat lekutan ezarri ahal dituzte, azkonarrek utzitako galeriak preziatuak izaten dira baina hutsik geratutako bordak edo haritz ustel baten enborra nahikoa izan daiteke. Kumeek hilabetea bete dute eta begiak ireki dituzte, gordelekutik ateratzeko ausardia batzen dute eta haien artean borrokatzen jolasten dute. Modu honetan harrapakinak harrapatzeko trebezia garatzen dute. Kumeak dituen azeri-zulo baten jarraipena egitea ikusgarria da, kumeen jokoak eta gurasoek hartzen dituzten lanak behatzea esperientzia suspergarria da. Urte amaieran kumeak emantzipatzeko unea iristen da, normalean ar gazteak lehenago uzten dute haien lurraldea, emeei ordea, egonaldia luzatzen uzten diete gurasoek. Urte hasieran, errepideetan mugitzen garenok, kotxeekin talka egin ostean hildako azeri asko ikusi ohi ditugu. Une horretan gazteak dispertsioan daude eta autobiak zein bideberriak dira haien arrisku nagusienetariko bat.

Azeria izaki oportunista dela aipatzen da, edozein baliabide ustiatzeko gai den animalia hain zuzen ere. Garaiaren zein habitataren arabera bere elikadura moldatu ahal du. Sarraski, intsektu, fruitu, karraskariak, txorien arrautzak eta narrasti txikiak bere dietaren parte dira. Eta nola ez, gaizki itxitako edo behar ez den moduan zaindutako oilategiak ezin hobe ustiatzen ditu. Hala da, Pako, azeriak oilategian triskantza egin badizu ez da azeriaren errua, zurea baizik. Oilategia ondo itxita eta zaindua egotea zure ardura da, azeriari ez eman erraztasunik ez baititu behar. Gazteleraz oso gustuko dudan esaera existitzen da eta hurrengoa dio: El que tenga hacienda que la atienda y si no que la venda. Honekin dena esanda, ezta?

Testu hau irakurtzen ari zaretenon artean askok

David el Gnomo marrazki bizidunen serieaz gozatu zenutela badakit. Swift azeria, zuhurtasunaren irudia zen eta Davidi uneoro laguntzeko prest zegoen. Finlandian revontulet hitza erabiltzen da aurora borealak izendatzeko. Honen itzulpen literala, azeriaren sua da, hauen buztan luzeek korrika egitean zeruan margotzen dituztela esaten baita. Ederra ezta? Zuei ere Swift azeria lasterkan iparraldeko argiak zeruan margotzen burura etorri zaizue?

Naturan oportunista izatea dohain bat da. Beste arlo batzuetan, aldiz, oportunismoa gaizki ikusitako ezaugarria da. Politikan, adibidez, formazio politiko desberdinetan eskrupulu gabe jardun izan duten pertsonaiak gogora etortzen zaizkit. Azeriaren kasuan, oportunismoa, malgutasun, erresilientzia eta mudakortasunarekin erlazionatu ahal dut. Bestalde, aipatutako politikarien kasuan, duintasun ezarekin bakarrik erlazionatu dezaket. Ikusten duzuen moduan, hitz bakarra, baina kutsu arras desberdina izan ahal duena.

Bizilagun bakoitzak dolua jasateko eta igarotzeko modu desberdinean jokatzen du. Ezagutzen nautenek une hauek amorruz janzten ditudala esaten didate. Agian idazki honek amorru pittin bat erakusten du, nire egoeraren erakuslea besterik ez da. Azken lerro hauek duela aste bat joandako lagun bati eskaini nahi dizkiot. Sakanako azeri zein bestelako piztiak gogotsu zaindu izan zituen lankidea. Berarekin okil mehatxatuen lurralde zein kabiak bilatzea bezalako planik ez zegoen. Haraneko baso, mendi eta larreak zuk zaindu zenituen moduan zaintzea besterik ez zaigu geratzen. Bidaia on lagun! Agur, Ibai.