Kolaborazioa

Txantxangorria (Erithacus rubecola)

Erabiltzailearen aurpegia Xabier Lopez Saez de Asteasu

Txantxangorria. ANDER ARANBURU

Txantxangorria duela gutxi arte birigarroekin erlazionatutako txoria izan da. Azken ikerketek eboluzioan euli-txoriengandik hurbilago daudela diote. Forma borobildu eta potoloa erakusten duen hegaztia da. Bere bular laranjak iman baten indarrarekin begiradak bereganatzen ditu. Orbelaren gainean intsektu zein armiarmak bilatzeko moldatutako gorputza dauka, eta hanka luze eta jarrera tentea erakusten ditu. 
Gure basoetako senda eta bideetan barrena erraz ikus daitekeen animalia da. Nolabait jarrera kuxkuxeroa duela esan dezakegu, lotsagabea. Duela hainbat urte, uda batean, Aitziber elkarteko (Urdiain) igerilekuetan lanean egon nintzen. Han, egunero, puntualtasun ingelesa erakutsiz, txantxangorri bat agertzen zen goizeko kafearen unean. Mahaiaren inguruan kafea dastatzen genuen bitartean txantxangorria mahaian jartzen zen eta magdalena txikien apurrak jaten zituen, gugandik metro erdi eskasera. Agian txoriak behatzeko grina txantxangorri horrek piztu zidan, dena den, espeziearen inguruan informazio gehiago bilatzen hasi nintzen. 

Txori hauen buruan erreparatuta, begi biribil eta handiak gure arreta hartzen dute. Moldapen berezia da argi gutxirekin hobeto ikusteko. Ilunabarrean eta ia gauez ibili bazarete basoetan hegazti hauek oraindik aktibo mantentzen dira eguneko azken "kanapeak" jaten. 

Kantu eta erreklamo desberdinak erabiltzen dituzte. Batzuetan tac, tac-tac motz eta lehorrak egiten dituzte. Bestetan, txorrotxio oso eztiak. Azken kantu hauek egunsentian zuhaitz-adaburuetan egiten dituzte, ondoren, goizerdian, kantu horiek adar baxuagoetan abesten dituzte. Batek daki zergatik egiten duten horrela, horretarako arrazoiak izango dituzte…

Lagunartean, itxurek engainatzen dutela esan ohi da. Txori honekin bete betean ematen da. Txantxangorriak oso agresiboak dira bere espeziekoekin zein beste txori espeziekin haien lurraldea defendatzeko. Hainbat borrokaren ikusle izan naiz eta benetan ez nuen jenio txar hori espero. 
Kondaira batek dioen legez, Jesus gurutzean eta bizirik zegoelarik, txantxangorri bat hurbildu eta mokoarekin arantza bat kendu zion. Arantza kendu zion une horretan, bularra odolez margotu zitzaion eta kolore gorri-laranja ikusgarri hori lortu zuela esaten da. Testu biblikoetan dirudienez pasarte hau ez da agertzen baina aipatzeko istorio polita dela iruditu zait. 

Beste kondaira batek dio txantxangorriaren kolore laranja purgatorioan lortu zuela dio. Txoritxo honek hango arimentzako ura bilatu nahian suarekin erre zela, hain zuzen ere. 

Erresuma Batuan gabonekin erlazionatutako espeziea da, postal askoren protagonista izanik. XIX. mendean postariek uniforme gorria janzten zuten, horregatik, hango biztanleek Robin (txantxangorria ingelesez) deitzen zieten. Ustez, eguberri eta hegaztiaren arteko lotura une hartan eman zen. 
Euskal kulturan oihartzuna nabaria izan duen espeziea da. Halaber, musika arloan hainbat abesti sortu ziren gure hilabeteko protagonistaren inguruan. 1985. urtean Itoiz taldeak Hegal egiten abestia plazaratu zuen Espaloian diskoan. Kantu honen letra Bernardo Atxagarena zen, musika aldiz Juan Carlos Perez-ena (Itoiz). 

Duela 8 urte, ETBk Goazen telesailean Euskararen Txantxangorria kanta sortu zuen. Gaztetxoen artean arrakasta izan zuen abestiak, eta gaur egun bideoklip moduan YouTuben ikus daiteke. 
Txori maitagarri honen hainbat datu eman ondoren, animalia hau sakonago ezagutzera animatu nahi zaituztet. Gure mendietan erraz ikus eta entzun daitekeen hegaztia da. Elurte baten ostean, adar biluzietan lumajea puztuta duen txantxangorria txorrotxioan ikustea esperientzia zirraragarria dela uste dut. Hurrengo negurako plana luzatuko dizuet. Mendiko botak jantzi eta argazki kamera hartu. Ziur, zuen etxetik ez oso urrun, txori fotogenikoena zuen zain egonen dela.