kolaborazioa

Sorbeltz arrunta ('Apus apus')

Erabiltzailearen aurpegia Xabier Lopez Saez de Asteasu 2025eko irailaren 15a

Duela aste batzuk ez dugu hegazti hauen kanturik herrietan entzuten, izan ere, Afrikarako bidea hartu zuten abuztuan zehar. Txori azkar hauek, beraz, migratzaileak dira eta maiatza akabera inguruan iristen dira gure latitudeetara. Askok, enarekin nahasten dituzte baina gure gaurko protagonista espezie desberdina da, sorbeltza, hain zuzen ere. 

Sorbeltz arruntek balezta formako silueta dute, buztan motza eta hego oso luze eta estuak. Muturreko aerodinamikara moldatutako gorputza dute. 

Talde honetako intsektiboroen artean enarak dira gure herrietara lehenak iristen, ondoren enara azpizuriak agertzen dira. Azkenik, uda ate joka dugunean sorbeltzak iristen dira eta herriak bere txirriin, txirriiin moduko kantuekin apaintzen dituzte. 

Lehen aipatu bezala, intsektuz osatutako dieta dute, airean eta hegaldi akrobatikoei esker harrapatzen dituzten zomorroak hain zuzen ere.  Gure auzoetan izan dezakegun intsektizida ekologikoena sorbeltz kolonia bat izan daiteke. Ikerketek diotenez, sorbeltzek milaka eltxo jan ahal dituzte egun batean (5.000-20.000) eskuragarritasunaren arabera. 

Aireko bizitzarako muturreko adaptazioak dituen espeziea da. Bizi-ziklo osoa airean egiteko gai dira, hori bai, kabia lurrean egin behar dute. Airean kopulatzeko ahalmena dute, harrigarria ezta? 

Hegaztien lokalizazioa ematen duten jarraipen dispositiboek airean ere lo egiten dutela erakutsi dute. Lo unihemisferikoa deritzon estrategia erabiltzen dute airean atseden hartzeko. Hau da, txoriaren zerebroaren hemisferio batek lo egiten duen bitartean bestea alertan mantentzen da. Atseden hauek altuera oso handitan egiten dituzte (2000-3000 m), han airea egonkorragoa delako eta predatzaile gutxiago aurki ditzaketelako. Ikerketa hauek,  sorbeltzak 10 hilabetez lurrean  posatu gabe egon daitezkeela erakutsi dute. 

Jatorrian harkaiztietan kumatzen zen espeziea da, egun, sorbeltza gehienak eraikuntzetan ugaltzen dira. Normalean teilatuetan sortzen diren zirrikituetan kabia jartzen dute. Aurten Sakana egosi duen bero olatuak espezie honengan eragin latza izan du. Izan ere, txitak kabietan kiskali beharrean handik jauzi egitea erabaki zuten. Oraindik hegan egin ezin zuten txita ugari jaso ziren eta eskuz elikatu behar izan ziren. Ilundaingo Basafauna Berreskuratzeko Zentroan ehundaka txita jaso ziren. Bat-bateko hegazti sarrera honen ondorioz, lanez lepo egon ziren, horregatik etxean sorbeltzak eskuz elikatzeko eta hazteko ardura hartu nuen. Bi astetan aurretik izoztutako kilkerrez eta pazientziaz hornitu ginen eta txita bat aurrera atera genuen. “Genuen” diot alabek ere lan honetan lagundu nindutelako. Egunak pasata txita elikatzeko trebezia lortu zuten eta zaintza ardura partekatu genuen. Sorbeltzak indarra lortu zuenean Dantzaleku futbol zelaira igo eta han askatu genuen. Lehenengo saiakeran kale egin zuen, bigarrenean berriz Urdiainerako bidea hartu zuen. 

Dirudienez, txori hauek jaiotzetik migraziorako sena piztuta daukate. Hau da, gizakiok elikatu eta hazi ditugun sorbeltz txitak negua pasatzen duten lekuetara bidaiatzeko ahalmena dute. Bere espezieko kideekin bidaiarako elkartzen saiatuko dira, noski, baina milaka kilometroko bidaia arriskutsua egiteko prest daude gure eskuetatik jauzi bezain laster. Ikerketek diotenez, sorbeltzek egunez eguzkia erreferentzia gisa bidaiatzen dute. Hortaz, haien lokalizazio mapa astro honen arabera eraikitzen dute. Gauez berriz, izarren konstelazioen errotazioa erabiltzen dute espazioan kokatzeko. Bestalde, eremu magnetikoak erabiltzen dituztela erakutsi dute azken ikerketek. Honek, iparrorratzaren lanaren parekoa egiten die lainotutako egun eta gauetan. Honetarako errezeptoreak  begi edo mokoan izan dezaketela uste da. Honetaz aparte, paisaiak eta elementu geografikoak (mendiak, labarrak…) memorizatzeko gaitasuna dute. Makinaria guzti hau gutxi iruditu bazaizue, atmosferako gai kimikoak usaintzeko gaitasuna dutela badakigu. Hau da, usaimenaren bidez mapak sortzeko gaitasuna dute. 

Hurrengo urtean bueltan izango dira. Guk askatutakoa ere?