Izen pila jaso dituen ugaztuna dugu azaroko protagonista. Erdaraz tajudo, tasugo, tejón bezala ezagutzen da. Euskaraz, berriz, eskualdearen arabera azenarro, azkenarro edo azkonar izena eman ahal zaio. Igaraba, lepahori, erbinude eta ipurtatsekin familia partekatzen duen karniboroa da azkonarra. Mustelidoen familia osatzen dute, hain zuzen ere. Gorputz konpaktu eta sendoa dute. Buru txikia eta buztan motza dute. Gris kolorea gailentzen da haien gorputzean, baina aurpegian bereizgarria den maskara beltza dute begiak inguratuz. Hanka oso indartsuak dituzte eta oinetan atzapar zorrotz eta sendoak. Indusketarako moldatutako gorputza dute eta bizitzaren zati handi bat zulo zein galeriak eraikitzen ematen dute.
Batez ere gautarrak dira. Nahiko zaila da izaki hauek egunez ikustea, dena den, zoritxarrez, asko errepide zein autopistetan hilda aurki daitezke. Orojale oportunistak direla aipatzen da, hau da, eskura duten guztia kontsumitu dezakete: intsektuak, fruituak, sustraiak, erraboil, sarraskiak, ugaztun txikiak… Dena den haien dietan zizareak ezin dira falta, haien jaki gogokoena. Jaten dutenaren arabera gorotz desberdinak egiten dituzte, hauen arakatzean ibiltzen direnentzako erronka da gorotzak norenak diren determinatzea. Hori bai, azkonarrek letrinetan kaka egiteko ohitura dute. Letrinak animalia hauen komunak dira, egunero leku konkretu batean gorotzak uzten dituzte, batez ere haien lurraldea mugatzeko eta markatzeko.
Azkonarrak familia klanetan bizi dira haiek eraikitako galerietan. Erdaraz lurpeko eraikuntza horiei tejonera deritze. Normalean 2-12 indibiduo arteko taldeak osatzen dituzte, baina Erresuma Batuan elikagai eskuragarritasuna handia dagoen eskualdeetan 20 indibiduoko azkonar zulo edo galeriak ikertu dira. Galeria horiek hainbat irteera edo sarrera (askotan 10 baino gehiago) izaten dituzte. Barnean, hainbat konpartimentu izan ditzakete. Batetik, atseden hartzeko guneak dituzte. Bestetik, ugalketa zein kumeak hazteko lekuak dituzte, bertan ama kumeekin egon ohi da. Azkenik, komunak ere eraikitzen dituzte. Hauetan, haien gorotzak metatzeko ohitura dute.
Dirudienez, 10 azkonar belaunaldi baino gehiagok erabilitako azkonar-zuloak dokumentatu dira. Animalia horien habitat egokiena belardiak eta hostozabal basoak tartekatzen dituen ekosistemak izaten dira. Leku hezeak nahiago dituzte, zizareak errazago topatzen dituztelako eta indusketa errazago delako. Hortaz, Sakana, bizileku nahiko aproposa dute. Gorbeia mendian egindako ikerketek ziotenaren arabera, azkonarrek pinudi zein konifera landaketetan galeriak eraikitzea saihesten zuten.
Haien ugalketak berezitasun bat dauka. Lepahoriekin duela hilabete batzuk ikusi genuen bezala azkonarrek Zigotoaren Ezarpen Atzeratua daukate. Hau da, azkonarrak martxo eta abuztu artean ugaltzen dira baina enbrioia ez da une horretan garatuko. Enbrioia latente geratzen da udazken edo negura arte. Une horretan garatzen hasten da kumeak udaberrian une oparoenean jaio ahal izateko.
Lehen aipatu dudan bezala, Erresuma Batuan espezie honen dentsitate altuak daude. Bertako habitata egokia da eta hezetasunak lurzorua heze eta bigun egotea ahalbidetzen du, horrela ugaztun horiek haien galeriak erraz eraiki ditzakete. Hango folklorean nolabaiteko fama duen animalia da, ziurrenez han ugariagoa delako. Lurrazpiko magia zein jakintzarekin erlazionatu izan dituzte, baita egoskorkeriarekin. Irlandan “Brock the badger” (Brock azkonarra) pertsonaia folkloriko ezaguna da. Basoa zaintzen zuen izpiritua da, gizakion eta izpirituen munduen muga zaintzen zuen zaindaria hain zuzen ere. Han, egunsentian azkonar bat ikustea zorte onaren seinale bezala jotzen dute. Azkonar bat hiltzea berriz, zorte txarrarekin lotzen dute, izan ere, haiek baitira “basoko mugen zaindariak”.