Mendiko bidezidor batetik oinez zoaz eta bat-batean zure aurrean itzal gris bat pasa da, segituan itzal hori sastraka zein zuhaixken artean galtzen da eta, ziurrenez, ez duzu berriro ikusteko betarik izango. Baso zein mendietako mamu honekin topaketak horrelakoak izaten dira. Bizitza osoan ikusi ditudan basakatu kopurua bi eskuen behatzekin zenbatu ahal ditut. Gure basoetako faunaren artean haragijale hau diskretuenetarikoa kontsidera dezakegu, izaera isil eta oso lotsatia erakusten baitu. Gaur egun Euskal Herrian dugun felido basati bakarra basakatua da. Izan ere, Iberiar Penintsulan Iberiar katamotza jada ez dago galtzeko arriskuan, baina, Pirinioetan aspaldi ez da Ipar katamotzik ikusten.
Basakatuek etxeko katuen antz handia dute. Hala ere, euren artean hainbat desberdintasun nabarmenak dituzte. Lehenak askoz handiagoak eta sendoagoak dira. Ar heldu bat ikusten duzunean ahora etortzen zaizun lehengo pentsaera A zer katutzarra! izan ohi da. Arrek 5 kg inguruko pisua dute eta emeek berriz 3,5 kg inguru. Borobil batean bukatzen den buztana askoz lodiagoa daukate, hau ez da inoiz puntan amaitzen. Normalean segundo gutxi batzuetako behaketan ezaugarri horri erreparatu ahal diogu. Gainera, bizkar osoa zeharkatzen duen lerro beltz dortsal oso markatua dute.
Nahiz eta basakatu izenaz ezagutu, azken urteetako ikerketek dioten legez, animalia hauek ez dira basoko espezialistak. Izan ere, larre, harkaizti eta sastrakaditan topatu ahal dugun espeziea da. Hortaz, ez da bere izenarekiko oso leial. Basakatuek bizirauteko batez ere harrapakinak eta babeslekua behar dute. Gure latitudeetan lursagu eta saguek osatzen dute bere dietaren atal garrantzitsuena. Untxia bizi den lekuetan, aldiz, hau izaten da bere harrapakin gogokoena. Udan batez ere, narrasti, txori eta ornogabeak ere jan ditzake.
Europan gainbehera izan zuen espeziea da. Animalia honen larrua preziatua zen eta "alimaña" kontsideratzen zenez, hauek harrapatzeak txanpon batzuk lortzea ekartzen zuen. Baita pozoituak ere askotan kontsumitzen dituzte, azeriekin batera izaki sentiberenak izanik.
Eskozian ia desagertu ziren, etxeko katuekin hibridatzeak iraungitzetik salbatu zituen. Hainbat ikerketek diotenez, Iberiar Penintsulako iparraldean hibridazio tasa oso murritza da. Hau da, bertako basakatuak ez dira etxeko katuekin hibridatzen. Orain arte, kontrakoa pentsatzen zen. Hibridazio prozesu horiek gertatzeko basakatu dentsitatea oso baxua izan behar dela ikusi da. Ziurrenez, hori izan zen Eskozian gertatutakoa. Populazioa hain murritza zenez, etxeko katuekin ugaltzen hasi ziren eta horrela espeziea salbatu zen. Zorionez, hango basakatuek jatorrizko animali basatien itxura heredatu dute eta, gainera, hainbat gaixotasunaren aurkako erresistentzia garatu dute hibridazioaren ondorioz.
Nahiz eta gure lurraldean basakatuen kontserbazioan gutxi eragin, etxeko katuek sekulako eragina daukate gure ekosistemetan. Hauek ehiza instintua mantentzen dute eta landa eremuan triskantzak egiten dituzte bertako hegazti, anfibio eta narrastiak akabatuz. Hildako espezie horien galeraz gain, bertako hainbat karnibororekin lehian sartzen da horiek askotan ordezkatuz. Horregatik, funtsezkoa da etxeko katuak etxean eta kontrolpean izatea. Batez ere irletan etxeko katuak sartzeak hauen ekosistemetan eragina nabaria daukalako. Hauek hainbat txori espezieren (%14) iraungipenarekin erlazionatu izan dira.
Gaur egun, espezie hau nahiko ezezaguna da. Gure baso eta mendietan bizi den mamu bat da. Hauen ikerketa batez ere haiek utzitako aztarnak aztertzean datza. Gorotzak ikertuz, animaliak indibidualizatu eta, gainera, hauen dieta ezagutu dezakegu. Kamera tranpen teknologiaren hobekuntzak ere ikerketan asko lagundu du. Eta zuek, zer? Mendietako mamua ikusteko aukerarik izan duzue?.