Agian gure haranean ikus dezakegun hegazti adierazgarrienaren aurrean gaude. Gure paisaia ezin dugu imajinatu harrapari hau kontuan hartu gabe. Txorietan adituak direnek, Sakana miruen paradisua dela pentsatzen dute. Izan ere, hauek diotenez Sakanako herri bakoitzak espezie honetako bikote bat omen du. Egunero, falta gabe, ikusten dudan espeziea da, udako egun sutsuenetan zein neguko egun elurtsu eta izoztuetan beti presente dagoen hegazti dotorea.
Miru gorria estatuan "galtzeko arrisku" kategorian katalogatutako espeziea da. Gure herrietan inon baino miru gorri gehiago ikusten dira eta nazioarteko turistak gure eskualdera etortzeko irrikitan daude animalia eder hauek ikusi ahal izateko eta bere txori espezie zerrendetan "check" bat jartzeko. Jendeari arraro egiten zaio, baina turismo ornitologikoa existitzen da eta miru gorria tiradizoa duen harraparia da. Adibidez, Erresuma Batuko turistak Iberiar Penintsulara etortzen dira ugatzak, sai zuriak eta, nola ez, miruak ikusteko helburuz. Hortaz, pribilegiatuak gara, guk, egunero ikusi ahal ditugu.
Miru gorriak "red kite" izena hartzen du ingelesez. Horren itzulpena kometa gorria da, deskribapen oso doitua animalia honendako. Izan ere, egun haizetsuetan hegazti hauek airean egiten dituzten maniobrak behatzea ikuskizun itzela da. Maniobra hauek egiteko, timoi baten funtzioa betetzen duen "V" formako buztana erabiltzen dute. Kometak bezala, inongo energia gasturik gabe, gure teilatuen gainean inongo esfortzurik egin gabe ematen ditu orduak. Korronte termikoak ezagutu eta baliatzen maisua da gure protagonista. Buztan horren forma, espeziea hegaldian identifikatzeko askotan nahiko izaten da.
Hegazti harrapari hau nahiko soziala da. Udazkenean Europatik datozen miru gorri asko Sakanara etortzen dira negua igarotzera. Hauek, batez ere neguan, lo leku handietan elkartzen dira, ehunka ale, gainera. Nola ez, Nafarroako lo leku eta garrantzitsuenetariko bat Sakanan aurkitzen da. Urtero espezie honen errolda egiten da neguan. Une horretan lo leku bakoitzean elkartzen diren miru guztiak zenbatzen dira eta Nafarroako errolda totala estimatzen da. Horretarako, boluntario pila behar izaten dira urtarrileko egun hotz horietan lo leku guztiak kontrolpean izateko.
Miru gorria hegazti harraparia da, hori bai, horien artean petralenetariko da. Ehizan ez da batere fina, horregatik, jokaera oportunista erakusten du. Sarraskiak gustuko dituen espeziea da. Errepide zein autopisten gainean etengabe bueltak ematen ikusten ditugu han autoek harrapatuta hiltzen diren sagu, sugandila, suge zein trikuak jateko asmoarekin. Bere ikusmen pribilegiatuaz baliatzen da animalia txikien gorpuzkiak galtzadan detektatzeko, hauek ikustean ziztu bizian jaisten dira, hankekin hartu eta leku ziur batera eramaten dute han lasai askaria hartzeko. Honek alde negatibo bat dakar, izan ere, miru gorri asko kotxeek harrapatuta hiltzen dira.
Duela hamarkada gutxi batzuk, miruak bereziki sentiberak izan ziren pozoien erabileraren aurrean. Hauen populazioak era nabarmenean murriztu ziren eta hauek espezie babestuen artean katalogatzea ekarri zuen. Hauen ikerketa eta jarraipena egiteko GPS-ek sekulako abantaila ekarri dute. Aditu batzuek, miruak eraztuntzeko eta GPS-a ezartzeko metodo ikusgarria erabili izan dute Nafarroan. Gauez, miruen habien azpian ingurumenera askatu ezin den hontz handi bat uzten zen. Miru helduek, hontza bere habiari eragiten zion mehatxua ikusita, ziztuan erasoan jaisten ziren. Han, biologoek era estrategikoan kokatutako sareetan trabatuta geratzen ziren miruak. Hauek jaso eta leku lasai batean markatzen ziren. Amu bezala erabilitako hontzaren izena Satanas da, espezie harrapari askoren ikerketan lagundu duen ikerlari hegoduna. Satanas, basa bizitzarako berreskuratu ezin diren animalien balioaren erakusle argia dugu.
Miru gorriak ikusi ahal izateko ezin dut gomendio handirik eman, besterik gabe, burua altxatu eta zerura begiratu. Laster, baten bat zuen gainetik pasako da!