31 eskutik

Erabiltzailearen aurpegia Yolanda Olasagarre Mendinueta 2019ko urr. 25a, 08:25

Azkenaldian  inguruan zenbait injustizia gertatu direla sentitu eta ikusi dugu, eta horiei buruz pentsatzen jarrita 31 eskutik esamoldea etorri zait burura. Musean beti jokaldi irabazlea da. Eskutik egoteak arerioaren aurrean abantaila delako, 31 ez badu ere. Musean, jakina, eskua aldatzen  joaten denez, joko arauak berdintasunez aplikatzen direla esanen genuke.

Baina ideia hori bizitzako beste alor batzuetara (31 eskutik hori) ekarrita, joko arau demokratikoak eskutik egon beharrean, arau demokratiko horiek aplikatzeko ardura dutenen interpretazioa eskutik dagoenean, arau horien gesaltzea datorkigu. Gesaltzen da herrigintza, izan herrigintzan alternantziarik ez dagoelako, izan demokraziaren oinarrizko joko arauak errespetatzen ez direlako, izan neutraltasunaren arauak bermatzen ez direlako.  

Beti pentsatu izan dut herrigintzak aurrera egin dezan herritarrok kultura politikoa behar dugula, alegia, gure sistema politikoak ezagutu, ebaluatu eta horiekiko jarrerak aztertzeko gaitasuna.  Herritar gisa kultura politikoan hezten joan behar dugu, besteak beste, aldekoen zein ez aldekoen erabakiak eta jardunbideak kritikatzeko sendotasuna eta normaltasuna emanen digulako, ongi egindakoak aitortzeko eta zuzendu eta hobetu beharrekoak ere aipatzeko. Gaur-gaurkoz zenbaitetan urruti samar gaude praktika horietatik eta zenbait gertaerek izan dituzten ondorioek zur eta lur utzi gaituzte.