Euskara ez ezik, beste hizkuntza batzuen bizirautea ikertu duten soziolinguistek bat etorri dira euskara bizirik mantentzearen faktore erabakigarrienetakoa belaunaldiz belaunaldiko familia transmisioa izan dela esatean. Etxe-giro euskalduna izatea bermea eta, aldi berean, transmisiorako baldintza da. Jakina, beti ez ditugu baldintza horiek ziurtatuak, horretarako etxe-giroa osatzen duten kideek (guztiek ez bada, gehienek) euskaldunak izan behar dutelako eta erabiltzeko nahia ere izan behar dutelako. Sakanan, egoera soziolinguistikoa kontuan hartzen badugu, tipologia desberdinetako herriak ditugu: oso euskaldunak, euskaldun kopuru altu samarrekoak eta erdaldun samarrak ere bai; hala ere, guztietan gazte jendea gehien partean euskalduna dugu.
Etxe-giroan eta gertuko komunitatean eragiteko ahalmena konplikatua da, eremu intimoan mugitzen garelako eta etxe-giroak eta lagunarteak askotarikoak ditugulako. Gazte jendea horren jakinaren gainean egotea gure ardura ere bada, eta horixe da nire asmoa oraingoan: heldu den belaunaldiaren euskararen transmisioa beraien eskuetan egonen dela esatea, alegia, gutxi gorabehera 18-30 urte bitarteko belaunaldiari egokituko zaio sortuko dituzten etxe- eta auzo- giroak euskaldunak izatea (baldintzak izan badituzte horretarako, ñabardurak ñabardura), hau da, haien arteko harremanak euskaraz izatea, euskaraz jolasean ibiltzea, euskaraz adarra jotzea, euskaraz maitatzea eta ligatzea, euskaraz haserretzea... Horrek guztiak hizkuntza atxikimenduan eta, hedaduraz, kultur atxikimenduan eta hizkuntzan duten adierazkortasunean aurreratzea eskatuko die.
Ez da nire asmoa zer egin behar duten esatea, baina bai dakiguna transmititzea.