Gure inguruan elkarteek badute tradizioa eta ohituak gaude herrietako elkarteetan biltzen bazkaltzeko, afaltzeko eta beste zenbait kontutarako. Elkarteak bazkideen kuota eta lanarekin sostengatzen dira eta onartu dituzten arauen bidez gobernatzen dira, baina arau horiez gain, bazkideen arteko konfiantza giroa beharrezkoa da elkarteen funtzionamendu egokirako, alegia ere, elkartekideok oinarri-oinarrian elkarrekin fidatzen garela onartzen dugu. Eta hor sortzen zaizkigu batzuetan galderak eta zalantzak.
Bazkideoi dagokigu elkartea kudeatzea zuzendaritza taldean gaudenean eta elkarte bakoitzaren arauen arabera egiten da aukeraketa. Dena dela, ardura horietatik bazkide guztiok pasatzea bide aproposa da, azken finean lan horien ardura guztiok erraz bete dezakegulako eta lanak ongi banatuz gero, ardura eta lan eramangarriak direlako.
Halere, oraingoan, tarte hau aprobetxatu nahi dut herri txikietako elkarteek betetzen duten hutsuneetako bat aldarrikatzeko. Sarritan, modu batera edo bestera herritarrendako zerbitzuak eskaintzen dituztelako musutruk eta eskuzabaltasunez, esaterako, lokala erabiltzeko aukera behar izanez gero, festetan kuadrilarekin elkartzeko, familia bazkariak egiteko, haurren urtebetetzeak ospatzeko edota beste batzuk. Hortaz, herritarrendako bilgune ere bihurtzen dira.
Batzuen ustez, elkartekide izatea zama da, arazoak edo kudeaketa lanak tartean egon daitezkeelako. Bai, izan daiteke. Baina niretako, elkarteen kultura mantentzea balore bat da, gorde beharreko balorea. Gure aurreko bazkideek eginda utzi diguten elkarte bat jaso dugun balorea da, guk ondorengoei uzteko modukoa. Bazkide ez diren baina zenbaitetan erabiltzaile direnei ematen zaien balorea ere bada bazkideen eskuzabaltasunari esker egiten dena.