Oso denbora gutxian lezio ugari erakutsiko dizkigu koronabirusak, batzuk jada ikusten eta bizitzen ari gara, beharko-eta. Beste batzuk, ordea, oraindik imajinatu ere ezin ditugunak, apika, etorriko dira.
Lehenengoa, argi samar ikusi da, nire ustez, lan asko eta askotan telelana posible dela. Geroz, hemendik aurrera telelana lehenengo aukera izan dadin probestu beharko genuke egoera, jada, ez dago aitzakiarik telelana ez arautzeko eta aukera erreala ez izateko. Telelana, gainera, herri eta landa eremuen mantentze eta garapenean aurrerapauso handia izan daiteke, jendeak erabaki dezakeelako herrian bizitzea, nahiz eta lantokia hirian izan. Alegia ere, Sakanan bizi eta Iruñean edo Gasteizen lan egiten duten herritarren bidaia kopurua mugatzeko aukera benetakoa da, pentsa ezazue zenbat bidaia aurreztuko genituzkeen langile baten asteko bidaiak 5etik 3ra murriztuko bagenitu. Aldaketa klimatikoa gutxitzeko neurria ere izan daiteke.
Bigarrena, hezkuntza munduan irakaskuntza telematikoa derrigor ezarri den une honetan curriculumak birdefinitu beharko genituzke eta zer den ikasle batek ezinbestez ikasi behar duena, horrelako egoera batean irakasbide izan beharko lukeena zehazte aldera. Zer da benetan ezinbestekoa curriculumetan ikasleek haien hezkuntza prozesuan aurrera egin dezaten? Zer da osagarria? Zer da lastoa? Testu liburuak hitzez hitz jarraitu behar al dira? Zeri eman garrantzia kalitateari ala kantitateari?
Hirugarrena, gure gizartea garatutzat dugula esanen nuke, hau da, geure buruak aurreratutzat ditugu; baditugu ezagutza eta baliabideak, baina agerian geratu da (nire ezjakintasunetik diot, baliteke oker egotea) gure osasuna zaintzeko behar ditugun baliabideak sortzeko industria beste batzuen esku dagoela eta horrelako egoera batean guztiz salduta geratu garela. Sobrare, industriaren garapenaren planifikazioan arlo honi ez zaio behar besteko garrantzia eman, eta eman eman beharko litzaioke, ez?
Laugarrena, zientzia arloa (zientzia modu zabalean ulertuta, gizarte zientziak barne hartuta eta emakumeek egindako zientzia barne hartuta) zerbitzu publiko moduan egituratu beharko litzatekeela, hezkuntza eta osasun arloak diren antzeko maila batean. Ikerketa zientifikoak ez al du merezi goi mailako kirol (kirolari) batzuek dituzten soldata eta baliabide berberak?
Nik ez eze, zuek ere irakaspen ugari izanen dituzue buruan bueltaka...