Agidanez, denbora baterako urruntze soziala --harreman sozialetan elkarrekiko distantzia fisikoa-- mantendu beharko dugu koronabirusaren (COVID-19) transmisioa gelditzeko. Baina, geure izatea goitik behera aldatu behar ez badugu behintzat, gure behar afektiboak ere asetu beharko ditugu, eta distantzian kontaktu fisiko horren ordaina asmatu, adostu...
Gure giza harreman guztiek ez dute sakontasun afektibo eta intimo bera eta bakarra, pertsona batzuekin harreman estuagoak, gertukoagoak ditugu, esaterako, etxekoekin, bizikideekin, bikoteekin... Haiei musuak, laztanak eta besarkadak ematen jarraituko dugu, orain artio bezala, hori baldin bazen etxeko ohitura.
Lagunak ere baditugu, baina ez denak maila berekoak, alegia, batzuk lagunago dira: lagun minak, lagunak, ezagunak. Lagun minei, orain, ezin ba bi musu eman edo besarkatu; apika, batzuekin ez ditugu horrelako keinuak behar, elkar begiratzea nahikoa baitugu gertutasuna adierazteko. Dena dela, diosal egiteko hitzez gain, keinuren bat behar izanez gero, kideari bi musu eman ordez, geure buruari musu bakarra ematea izan daiteke aukera bat. Horrelako keinuren bat: eskubiko eskua (garbia, noski) ezkerreko masailean jarri (ezkerrek alderantziz egin dezakete) eta ezpainekin musu emateko imintzioa egin, hots eta guzti (mutx, muts). Edo besarkada irudikatu nahi badugu, horren keinuak egin, bi besoekin besarkada elkarri emanen bagenio bezala.
Urrunago sentitzen ditugun lagunekin, bestalde, zer diosal erabiliko dugu orain artioko bi musu protokolario horien ordez? Elkar begiratu, irribarretsu agertu, buruarekin goraka keinu bat egin eta Aupa! Zer moduz? esan.
Pertsona berriak ezagutzea ere egokituko zaigu. Abagune aproposa izan daiteke orain arteko bi musu edo eskua ematearen ordez, beste keinu batzuk adosteko eta mundu guztiarekin berdin jokatzeko. Dantzariek aurreskuaren bukaeran egiten duten diosala gustatzen zait; elkar begiratu, burua pixka bat makurtu, eta nahi izanez gero, eskuarekin zabaltasun pixka bat eman. Keinu bera erabil dezakegu protokolozko ekitaldietan, jende desberdinarekin bat egin behar baldin badugu eta elkarri agurtu behar baldin badiogu.
Hiletetan eta beste egoera batzuetan ere nola egin pentsatu beharko dugu. Momentuz, doluminak adierazteko hitzak baditugu, bi musuen eta besarkaden ordezkorik, ordea, ez. Zer erabiliko dugu?