Aspalditik inguruan dabilen leloa eta nahia dugu Sakanan bizi eta lan. Ez dakit zenbat sakandarrek lan egiten duen eskualdean, zenbatek eskualdetik kanpo, inguruko herri edo hirietan (Iruñean, Gasteizen, Goierrin, Donostian...) eta zenbat lagun etortzen diren lanera Sakanara.
Sakanan lanik ez egiteko arrazoiak ere asko izan daitezke: bertako enpresa edo administrazioetan norbere formazioari dagokion lanposturik ez egotea, edo eskualdean lan egin nahi ez izatea, eskualdetik kanpo baldintza hobeak dituen lanpostua delako edo ibilbide profesional erakargarriagoa izan dezakeelako, eta abar. Horregatik hasierako lelo horri nabardurak jarriko nizkioke, gainerakoan, nik bederen, zaila edo lor ezina ikusten dudalako. Jakin badakit, bertako eragile sozial eta ekonomikoak helburu hori sustatzeko neurriak proposatzen, bideratzen eta lan ona egiten ari direla azken urteotan. Halere, proposamen bat luzatu nahi nuke plaza honetatik.
Koronabirusak begien bistan jarri dizkigu, batetik, herriak aukera ona direla bizitzeko, neurri batean askatasun gehiago eskaintzen dutelako; eta, bestetik, zenbait lanpostu (ez naiz ez hezkuntza arloaz ez beste antzeko arlo batzuez ari), zati batean behintzat, telelanaren bidez egin daitezkeela. Pisuzko arrazoiak Sakanan bizi eta lan leloa sustatzeko.
Berriki jakin dut Nafarroako Gobernuko Funtzio Publikoak telelana arautzeko proposamen bat luzatu behar diela sindikatuei. Berri ona! Administrazioa bidea egiten hasten baldin bada, atzetik etor daitezke enpresa pribatuak. Hortaz, ez legoke gaizki balizko aukerak aztertzen hastea. Eskualdetik kanpo lan egiten duten langile horiek Sakanatik bertatik, eta ahalik eta gutxien mugituta, lan egiteko aukerak azter daitezke, esaterako, bakoitzak bere etxetik egitea zenbait egunetan, bulego partekatuak ezartzea herrietan... Bide horiek edota beste batzuk aztertu, jorratu eta bultzatzea jendea herrietan bizitzen gelditzeko pizgarriak izan daitezkeelako. Adibidez, eman dezagun, Sakanako gazte batek lana Iruñean edo Gasteizen aurkitu duela eta etorkizun hurbilean non biziko den erabaki behar duela, alegia, etxea non alokatu edo erosiko duen, familia non osatuko duen... Gazte horri, lanpostuaren ezaugarriek uzten badiote, bere lanaren zati bat on line egiteko aukera ematen baldin bazaio, eta egunero 80 kilometroko bidaia (astean 400) egin ordez, astean bi egunetan (160 kilometro) lanera joateko aukera ematen baldin bazaio, apika, herrian bizi bai ala ez erabakitzeko ekuazioaren emaitza herriaren aldekoa litzateke.