Beti izan da ohituren aldaketa gauza konplikatua eta erronka handia. Horretan gaude orain, beste ohitura batzuk hartu behar ditugu, eta azkar, COVID19a kontrolpean izateko, hori da behintzat adituek, isildu gabe, esaten digutena.
Metro t’erdiko distantzia horretarako baldintzak daudenean, bete betetzen dugula esanen genuke, baldin eta kanpoko zein barruko kontrola badugu; baina, oro har, metro t’erdian huts egiten dugu neurria norberaren interpretazioaren esku uzten denean. Hortxe ohiturekin topo egiten dugu. Jakin badakigu ohiturak aldatzeko alde zein kontra jokatzen duten faktoreak ditugula. Esate baterako, lagun talde batean gehienek metro t’erdiko araua ezartzen badute, errazagoa izanen da neurri horren garrantzia ikusten ez dutenek bete dezaten lortzea eta ohitura aldaketa egitea. Baina, kontrakoa ere gertatzen da, batzuek arduraz jokatu nahi izatea eta lagunkideek pertsona hori beldurtitzat hartzea eta, noski, inork ez du beldurti itxura eman nahi; geroz, lehengo lepotik burua! Horrelakoetan geure baitan dugun nahasmena ikusten da: zer da arduraz jokatzea eta zer da beldurtia izatea.
Nire irudituaz metro t’erdiko ohituraren irakurketak ñabardurak eskatzen ditu, eta zenbait eremutan irakurketa horretan nahasi samar gabiltzala esanen nuke, esaterako: lagunartean, lagun talde zabaletan, familia zabalaren ospakizunetan, tabernetan, alegia, kanpoko kontrolik ez dugunean eta barrukoa behar denean. Apika, egoera horietarako jarraibide eta gomendio zehatzagoak ematea izan daiteke aurrerabidea gaitzaren zabalkundeari trabak jartzeko. Zenbat denbora komeni da maskararik gabe egotea jatetxe, taberna edo etxe batean gure ohiko eta gertuko lagunak ez direnekin elkartzen garenean?