Berriro urrian (irailean) gaude, uda despedituko da, ikasturteari ekinen diogu, oporren bueltako hilabeteei hasiera emateko. Uda lasaiago egoteko garaia izaten da, disfrutatzeko garaia, zenbait lizentzia hartzeko garaia eta zenbait zama arintzeko garaia. Zamaz ari garela, zenbatendako da euskaldun izatea zama. Ruper Ordorikak zioen moduan Euskaldun izatea zein nekeza den, Hobe nuela hautatzea, Munduko hiritar izatea.
Zergatik da hain nekeza euskaldun izatea? Gure hizkuntzaren aldarrikapena egiten aritu behar dugulako, etengabe. Nekez erlaxatu gaitezkeelako, inertziak gure inguruko beste hizkuntzen alde egiten duelako (gaztelania, frantsesa, kasu). Elkarrizketetan, geure baitan, zein hizkuntza hautatuko dugun erabaki behar dugulako, behin eta berriz. Horrek sortzen digu sarritan barne gatazka. Barne gatazka horretan euskaldun izatea edo munduko hiritar izatea erabaki behar dugulako. Alegia, maite duzuna eta zarena zaintzea; baina, era berean, nekagarria dena eta zamatsua. Maitasun-gorroto harremana esaten zaio horri. Ordorikaren kantak dioena: Zaindu maite duzun hori. Zaindu gorroto duzun hori.
Aurten itzulera berezia da, nork ikusi du horrelakorik? Halere, lanbide honetan urria (iraila) ez dator berrikuntza handirekin, zaharrak berri datozkigu eta horiekin jarraitu beharko dugu euskaldun izaten jarraitu nahi badugu.
Euskaraldiarekin, laster, hizkuntza ohiturak aldatzeko erronka izanen dugu, eta, horrenbestez, euskararen erabileran urratsak emateko. Izan gaitezen ahobizi pazientziadunak euskaraz hain ongi moldatzen ez diren euskaldunekin zein belarriprest izanen direnekin; ez ditzagun lotsarazi; euskaraz aritzera animatu ditzagun, hizkuntza praktikatuz ikasten dela esanez… Hori bai, berriro ere nekatu egin beharko dugu emaitza ikusteko.