Marilyn Lodenek 1978an aipatu omen zuen "kristalezko sabaia" terminoa lehenengo aldiz, emakumeok zenbait lanpostu edo aginte postutara iristeko dugun muga ikusezina adierazteko. Kristalezko sabaia zaila da nabaritzeko, gardena da, ikusgaitza, alegia. Gainera, zenbaitetan sabaia ikutzera iristen diren emakumeak besterik ohartzen dira izan badela. Idatzi gabeko zein arau edo keinuren bidez definitu dezakegu muga edo hesi hori, gainerakook hortxe dagoela ohar gaitezen eta hautsi beharrekoa dela pentsa dezagun?
Zuen bizitzan, zuen lanean horrelako zerbait gertatu baldin bazaizue, kristalezko sabaia igartzeko gai izanen zarete, segur aski. Alegia, gora egin nahi izan duzuenean edo gora egiteko aukera izan duzuenean, baina ezinezkoa izan denean, goiko kristal horren kontra kanka jo duzuelako eta bertan gelditu behar izan duzuelako, ikaragarrizko kolpea hartuta eta lehen baino ahulago.
Lan arloan kristalezko sabaia gainditzen saiatu diren emakumeei hesi horretatik gora egitea ezinezkoa egin zaie sarritan euren (lan) inguruan, gertukoen aldetik, babes nahikorik ez dutelako lortu, nire irudituaz. Baina, askotan zaila da azaltzea beste norbaiti zer dagoen babes falta horren atzean eta zergatik babes falta hori. Arrazoi ugari egon daitezke horretarako, niri, behintzat, hauek bururatzen zaizkit: emakume horien prestakuntza edo trebezia kolokan jarri delako, agerikoena; zenbaitetan, inguruko lankideei men egiten ez dien emakumea delako; bere iritzia ingurukoendako politikoki zuzena ez delako (sabaia gainditzen lagundu behar diotenendako, alegia); apika, iritzi propioa duelako; lankide batzuen hutsuneak oso agerian geratzeko arriskua dagoelako... Jakina, arrazoi horiek guztiak ez dira argi eta garbi esaten, ezkutuan daude eta emakume horren ahalmenak ingurukoen artean gutxiesteko giroa sortzen dute eta babes falta eragiten dute. Beharbada, arau ikusezin horiek begien bistan jartzen saiatu beharko ginateke, ikusgaiak izan daitezen.