Onartu berri da Espainiako Kongresuan Hezkuntza Lege berria. Badirudi ohitura dela Gobernu berri bat iristen denean bere Hezkuntza Lege propioa egin behar izatea. Denborak erakutsiko du lege honen proposamenak eta helburuak praktikan nola gauzatu diren esatea. Bien bitartean, hezkuntza eragileok (irakasle, zuzendaritza talde, ikuskari, prestatzaile…) hezkuntza egiten jarraituko dugu. Legean aipatzen diren ikasgaiez gain, beste mota bateko eginkizuna ematen baitzaio eskolari (ez lehenengo aldiz): edukiak eta baloreak lantzekoa edo, beste modu batera esateko, edukazioa irakastekoa.
Bi gai aipatu nahiko nituzke hezkuntza sistema modernizatzeko hartutako neurrien artean. Bata, generoen arteko berdintasuna eta koedukazioa modu transbertsalean ezartzea. Ezin uka helburua beharrezkoa dela. Baina nola eginen da? Nola eramanen da egiteko hori guztia praktikara? Nola iritsiko da ikasgeletara? Beste inolako laguntzarik gabe, irakasleen esku utziko da? Pentsatzekoa da irakasleok de facto berdintasun ikuspegia dugula? Irakasle izateari egiteko berri bat gehituko zaio? Transbertsal hitzak ikuspegia ikasgai guztietara iritsiko dela esan nahi baitu, baina esatea bat da eta egitea beste bat. Nik nahiago nuke praktikan ikuspegi hori garatu behar baldin bada, transbertsal hitzaren ordez blaitu (melatu) hitza erabiltzea, norbaitek egin behar baitu blaitze ekintza, alegia, eragileak egon behar direla, izan irakasleak izan beste eragile batzuk, eta horrek eragileak generoen arteko berdintasun ikuspegiaz blaituta egotea eskatzen du.
Bestea, Herritartasun aktibo, kritiko eta globalerako hezkuntza ikasgai "berri" moduan dator, bai Lehen Hezkuntzan, bai Bigarren Hezkuntzan errotzekoa. Ikasgai hori nola egituratuko den eta zein eduki izanen dituen oinarrizkoa izan beharko luke herritar gisa behar dugun kultura politikoa eskuratze aldera. Ez dakit horrelakorik aurreikusia egonen den. Niri gogoeta hauekin batera burura etortzen zait Saizarbitoriaren esaldi hau (ez dakit zerbait ikustekoa duen, baina tira): Estiloa izateko edukazioa behar da izan. Eskoletan edukazioa ematen ez delarik, ezin ba estilorik eman.