Sena

Sena hitza gutxitan entzuten da, hitz sakona eta esanahi handikoa bada ere. Euskaltzaindiaren hiztegiaren arabera hiru adiera ditu sena hitzak eta hiruen beharra aitortu nahi nuke, gertatu zaizkigunak azaltzeko balio dutelakoan.

Lehenengo adieran, sena hitzak berezko joera bat adierazten du, indartsua, sortzez agertzen dena, alegia, ikasten ez dena. Izaki bizidun guztiok omen daukaguna edo espezie bateko banakako izaki guztiek batera daukatena, esate baterako, bizirauteko sena. Pentsatzekoa da bizirauteko senak aterako gaituela pandemia honetatik. Baina gure gertuko sena hau ez dago bakarrik gure esku, gauden globalizazioaren garai honetan, argi ikusi baitugu, munduaren bestaldean dagoen bizirauteko senaren nondik norakoak gurean egun batetik bestera eragin duela.

Bigarren esanahian, pertsona batek erakusten duen sena, alegia, “ongi” aritzeko trebezia, abilezia, ez da gogoetaren, esperientziaren edo heziketaren ondorioz lortutakoa, baizik eta, berezkoa duen zerbait. Kasu honetan sena intuizioaren pareko dela esanen genuke. Intuizioa senaren bidez eskuratzen den ezagutza litzateke eta gertatzen denaz berehala ohartzeko trebetasuna. Zentzu honetan senaren oinarrian, neurri batean, “berezko” jakinduria eta esperientzia leudeke, nahiz eta, modu arrazionalean, frogatzeko moduan, alegia, adieraztea ezinezkoa izan. Mota honetako senaren beharrean gaudela esanen nuke, sen mota hori duten emakume eta gizonen behar gorrian.

Hirugarren adieran, senak, zentzu ona, gogo oreka eta konortea esan nahi du. Pandemia egoeran gure senetik aterata gaudela eta zer egin ez dakigula gabiltza. Oreka galdu dugu, zentzu guztietan eta oreka berrien bila sen berriaren bila gabiltza, aurreko bi senen premian, apika. Zentzu ona behar dugu gure senera itzultzeko edo gure sen berrira izanen denera ailegatzeko.