Krisi hotsak gero eta ozenagoak dira inguruan, ERTEak luzatzen ari dira, apika, EREak etorriko dira, langileak etxera… Garai zailak. Gauzak ez doaz ongi eta oinarrizko baldintza kaxkarrak dituztenek pairatuko dituzte, aurki, kalterik handienak. Zenbait langile edo sektorerengan eragina izugarria izan dela ikusi dugu, baina, badirudi, beste sektore batzuetara ere iristen ari direla pandemiaren ondorioak.
Ez dakit zuei ze irudituko zaizuen baina nire irudituaz ekonomialarien hitza ez da gehiegi entzun gure inguruan, ez egunkarietan, ez telebistan, ez irratian herritarren bizimodua hobetzeko eta gizartearen gaitz ekonomikoak sendatzeko bideak proposatzen. Nik faltan botatzen ditut herritarrok ulertzeko moduko datuak, egoeraren berri izan dezagun eta irizpide bat osa dezagun. Neurriak etengabe hartzen ari dira, baina ni behintzat ez naiz gai horiek guztiak fundamentuz ulertzeko, gutxieneko kultura ekonomikoaren faltan, sobrare. Adibidez, banketxeek, orain, mailegu azkarrak erraz eman behar dituztela aditu dut, kontsumoa bulkatu nahi baitute eta jendeak dirua behar badu, ba eskatu eta emanen zaio. Zer preziotan? Niri 2008ko krisia datorkit burura.
Hilabete hauetan pandemiak sortu dituen kalte ekonomikoen gaineko datuak han-hemenka modu zatikatuan jaso ditugu (esaterako, langabetuen kopuruak, zorraren datuak, Europatik etorriko diren funtsak…), ez, ordea, ikuspegi oso batekin. Gainera, hasiera hasieratik eztabaida antzua plazaratu da: osasuna versus ekonomia. Zergatik? Zertarako? Badaude harreman horren adierazle ekonomikoen inguruko txostenak gure erkidegoan? Nori dagokio txosten horiek egitea?
Zorraren mamua ere hortxe dugu, une honetan badirudi ez dela komeni gehiegitan aitatzea, aurrerago ikusiko omen dugu zer dakarkigun horrek, orain oraingoari aurre egin behar baitzaio. Pandemiaren gastuak nonbaitetik estali beharko ditugu, baina ordua iristen denean ezin izanen dugu erabaki nondik eta zerekin ordaindu, erabakia orain hartu baita, eta ez zaigu ez galdetu, ez eta jakinarazi ere. Esaterako, txertoen prezioei buruz ezer gutxi aurreratu dute, dena ilun-iluna da.