Bikoteak

Erabiltzailearen aurpegia Yolanda Olasagarre Mendinueta 2021ko mai. 3a, 09:30

Aurreko egunean lagun eta adinkide batekin hizketan erkidego desberdinetako bikoteek (orain arte, izatezko bikote izan edo ezkontzeko beharra izan ez dutenek) pandemia garaian elkartzeko dituzten zailtasunak aipatu zizkidan. Inguruan antzeko egoeran dauden beste bikote batzuk ere badira eta zuek ere inguruan izanen dituzue zenbait adibide. Gauza da bikote egonkor horiek ezin izan dutela haien harremana lehengo moduan mantendu; esaterako, pandemia artio horietako askok nahikoa zuten astean behin, bitan, oporretarako edo nahi zutenean elkartzea haien bizimodua antolatzeko. Baina, pandemia garaian, ezin izan dute ohiko moduan elkartu arau hausterik egin gabe. 

Jakina, neurriek adin guztietako jendea harrapatu dute, eta gazteengan ere eragin du. Gazteen kasuan, gainera, egoera zertxobait desberdina da, haien bizi sentimentala eraikitzeko hasieran baitaude eta bikote egonkorra izatearena kasu askotan oraindik ere kili-kolo dagoelako.

Hasieran, bazirudien neurriak denbora motzerako izanen zirela eta, hortaz, jasangarriak; baina egoera luze doa eta martxa honetara luzatuko dela ematen du. Batek daki!

Harrigarria egiten zait, hortaz, nola ez zaien horrelako egoerei orain artio konponbidea edo irtenbidea eman eta behin-behinean, modu batera edo bestera, arautu. Hain zaila ote da erkidego bakoitzean erregistro moduko bat egitea eta elkartzeko baimenak ematea aipatutako egoeran dauden bikoteei?

Ez dakit ba nik, baina arazo hauei irtenbidea emateak, apika, beharrezkoagoak diren beste neurri batzuek errazago betetzeko bermea eta amua ere izan daitezke. Eta sarritan aipatzen den neke pandemikoari aurre egiteko moduak. Bizi soziala eta sentimentala asetzeko neurrien beharrean gaude, nire irudiko.