Astekoa

Eloa egitera joan, eta etro janda despeditu

Aurreko egunean, lagun artean geundela, "elo" eta "etro" hitzak aipatu genituen. Guretako batzuok ezagutzen genituen, beste batzuok, ez. Hor ibili ginen, momentuan bertan, Orotariko Euskal Hiztegian bilatzen (gaur egun sakelako telefonoekin egin daitekeena). Bertan "etro" hitza opatu genuen, guk ematen diogun esanahi berarekin: asko, izugarri adierazteko, "etro ari du" euria barra-barra ari du esateko. Halere, gure eztabaidan gehienok, aldaerak aldaera, asko jan dugula esateko erabiltzen dugula aipatu genuen: "etro jan genuen".

"Elo" hitza, ordea,  ez genuen bertan opatu; halere, lagun batek ez zuen etsi aurkitu artio eta Erdoziaren hiztegian opatu zuen (digitalizatua dago Euskaltzaindiaren webgunean, gainera). "Elo" hitza kapritxua egiteko edo probatzeko adina adierazteko esanahia dauka, esaterako, probatzeko adina onddo jan ditugu, baina gure artean oporren eloa egin dugu edo antzekoak esateko ere erabiltzen dugula baieztatu genuen.

Elkarrizketa mota horiek adin guztietan sortzen badira ere, gure adinkideen artean maizago sortzen dira, iragan zati handi samarra bizi izan dugulako eta atzera begira jartzen garelako. Horraino ongi, baina iragan horren zati interesgarri eta erabilgarriak, gure aurrekoek guri eta guk gure ondorengoei eta gazteei transmititzeko zailtasunak nola gainditu da gure hizkuntzaren ajeetako bat, baita inguru euskaldunetan ere. Sarritan hiztunon adierazkortasuna indartu, aberastu eta ñabartzeko hizkuntza baliabideak izan baditugu, baina horiek erabiltzeko zerbaiten faltan gaude. Apika, gertuko edo inguruko norbaitengatik entzutea falta zaigu, eta horretarako belarria jartzea besterik ez dugu behar.