Gure herrietan gero eta zerbitzu (osasungintzan, hezkuntzan…) gehiago ditugu, gero eta aukera gehiago aisialdirako, gero eta kirol-kultur jarduera gehiago, halere, herrietako bizimoduaren mugak hortxe daude hiriarekin alderatuta, eta askok, azkenean nahiago izaten dute hirira bizitzera joan.
Aurreko egunean, ingurugiroari buruzko hitzaldi batean 2050erako populazioaren %70a hiri handietan biziko dela entzun nuen, eta horrek ingurugiroan izanen dituen ondorioak, ematen du, ez direla oso onak izanen.
Esandakoaren arabera, herrian bizi garenok nabarmen gutxiengoa izanen gara. Geroz, badago zer pentsatu eta zer egin joera horri aurre egin nahi baldin bazaio: zerbitzuak eskaini, lanpostuak sortu edo mantendu, nahitaez herritik kanpo lan eginen dutenen mugikortasunari gertu gertutik begiratu eta konponbide zehatzak eskaini.
Jakin baitakigu, zaila dela herrietan kotxerik gabe bizitzea. Lan kontuetarako gehien gehienok kotxea erabiltzen dugu. Kotxearen erabilera gutxitzea izan beharko luke helburuetako bat, baina badirudi zaila dugula, alternatiba handirik ez dagoelako garraio publikoarekin, kotxearekin lehiatzeko modurik ez baita ikusten, edo telelanarekin. Telelana posible den lanpostutan ez baita ikusten bultzatzeko asmo sendorik, apika, agintzen dutenek
ikuspegi oso hirizentrista omen dutelako-edo.
Baina tira, lan kontuak alde batera utzita, kultur arloaz eta aisialdiaz aritu nahi nuke oraingoan, herria eta hiriaren arteko aldea gutxitzeko moduak bilatuz. Eta iruditzen zait zenbait gauza egin daitezkeela, gaur egun, Internetek eskaintzen dizkigun aukerak erabilita. Esaterako, Iruñean (edo beste hiriren batean) antolatzen diren hitzaldiak streaming bidez zuzenean herrietan ikusteko aukera ematea kultur etxeetan edo udaletxeko aretoetan pantaila handi bat jarrita. Adibide modura, hilabete hauetan Udako Euskal Unibertsitateak, Eusko Ikaskuntzak eta Nafar Ateneoak Jose Ramon Etxebarriarekin antolatu duen hitzaldi zikloa (CIVICANen emanen dena) herrietan ikusteko aukera izatea. Horrelakoak ere amua izan daitezke herrietan bizi nahi dugunondako.