Pandemiagatik ohiko herriko jaien bi urteko geldialdiaren ondoren, gauzak nola joanen diren ikusteko dago, tartean festak ez ezik zeinbait bizimodu eta ohitura ere eten direlako. Auskalo, nola itzuliko garen aurreko erritoetara eta ohituretara. Honezkero, pandemiaren aurretik hasiak ziren aldaketek jarraituko dute, azkartu eginen dira edota berriak sortuko dira. Ikusiko dugu. Besteak beste, gizartearen aldaketaren joera orokorrei buruz hitz egiten dutenek herriko/hiriko jaiak egunekoak gauekoak baino gehiago bihurtzen ari direla diote. Horretan, adinak ere izanen du zerikustekoa, iruditzen zait, gazteendako, gaua zein eguna, biak ala biak, izanen batira festa garai.
Zenbait herritan hasiak ginen festen egun kopuruari buruz hitz egiten, aurki, aurten festik gabeko bi urteren ondoren, inori ez zaio horrelakorik aitatzea ezta okurrituko ere. Era berean, hasiak ginen esaten ere aste gorriko festetako egunetan oso jende gutxi ibiltzen zela, festen egitarauan zer jarri edo zer ez, eta hau, hura eta beste. Geroz, aurtengoetan lehendik genituen festen inguruko kezkak eta hizketagaiak mantendu edota berriak sortuko dira. Edo, apika, denboraldi batez horiek ahaztu eta gehiago pentsatu gabe, jaiak datozen bezala hartu eta dagoena dagoela aprobetxatu, badaezpada ere.
Garbi dago asko desiotan gaudela norbere herriko jaiak ospatzeko, jendearekin elkartzeko, jendea ikusteko eta krisi honek utzi dituen arrastoak ikusteko. Neurria eta tenperatura hartzeko garrantzitsuak izan daitezke aurtengoak, eta lehendik datozkigun ajeak konpontzen hasteko modukoak. Galdera da ea gai izanen garen inertzia batzuei aurre egiteko edo datozen urteei begira moldaketak egiteko, beti ere, jakina, onerako baldin badira.