Egoera arraro honekin gure espazioa mugatu egin da eta denbora erabat handitu. Hala ere, gehienok behintzat, ez guztiok zoritxarrez, leku eroso eta atsegina dugu itxialdi hau pasatzeko. Nik beti pentsatu izan dut eta horrela jarraitzen dut pentsatzen, egoera guztietatik gauza positiboak atera behar ditugula eta horretaz baliatu behar garela. Hori dela eta, parada honen inguruan, nik, gogoeta bat gin dut. Ados, ezin gara etxetik atera, etxean geratu behar dugu, baina ez gara geldirik geratuko. Hainbat eta hainbat zeregin ditugu etxean. Lehenengo betebeharrak, eta gero aisialdia. Aisialdi hori bete egin behar dugu, eta nola? Liburutegian nagoenetik, orain, koronabirus arrotz honek bisitatu gaituenean, ohartu naiz zein garrantzitsua den herritar askorentzat irakurtzea. Jatekoa balitz bezala eskatu didate, telefonoz, askok, libururen bat beraien atarian uzteko. Beraientzat, liburua, altxor bilakatu da denbora luze hori hobeto igarotzeko. Horregatik, pozik nago! Liburuak funtzio ikaragarria betetzen duela konturatu naiz, eta ni, saiatzen ari naiz zerbitzu hori itxialdi osoan ematen. Hori bai, segurtasun neurriak oso ongi beteaz, noski!
Beti korrikan, presaka, orain ezin dut… Gure bizitzan generaman erritmoa ETEN egin da eta ondorioz, orain arte egin ez duguna egitea gomendatzen dizuet, alegia, liburuzain baten azaletik, irakurri ez dugun hori irakurtzea. Bizitza-erritmo izugarri hori eten ondoren, aprobetxatu eta egin orain arte egiteke dituzuen gauza horiek. Atxagaren liburu potolo hura, ala Sarrionaindiaren zail hura. Castillo Suarezen poesia ala Karmele Jaioren azkenekoak, Jon Arretxeren edozein eta gaztelaniaz Ken Folleten “Los pilares de la tierra” edo Julia Navarroren “Dime quien soy”. Alegia, beti denbora faltagatik irakurri ez duzuen hori, orain duzue aukera paregabea irakurtzeko. Eta zer esanik ez, pelikulekin! Ez daukagu aitzakiarik nekatuta gaudelako edo denborarik ez dudalako, beti ikusteko genuen saritutako filma hori ikusteko.
Beraz, badakizue! Geratu etxean eta liburu bat IRAKURRI!!