Helduendako bi proposamen:
- Zendabalitz (Erika Elizari): Edozein momentu eta lekutan irakurtzeko eleberri arina duzue hau. Abiapuntua hegazkin bat da, eta bertan dauden bidaiarien bizitzatik ibilbide bat egiten du idazleak. Eserleku bakoitzak hainbat bizipen eta sentimendu islatzen ditu liburuan, eta, era berean, bidaiari bakoitzaren maletak norberaren mundua erakusten digu. Laburbilduz, gizartearen ispilu izan litekeen istorioen bilduma bitxi bat. Irakurterraza, liburuan zehar istorio eta bizimodu motzak kateatuz joango direnak.
- Pentaedroa (Txema Garcia-Viana): Gerra zibilaren inguruko eleberria dugu hau. “Pentaedroa” izeneko antzerki talde bateko partaideen bizipenak kontatzen dizkigu idazleak. Bost kideen gertaerak ezagutuko ditugu eta, era berean, liburua aurrera joan ahala, beraien arteko harremanak lotzen joango dira. Garai hartako bizimodu latza eta gogorra oso ongi adierazten du liburuak, batik bat, gure herri txikietan ezagunen arteko ezinikusia eta borroka muturreko egoeretara nola iritsi ziren.
Gazteendako proposamena:
- Sorgin seinalea (Harriet Redondo): Komikia da. Elbira Goitiz uztariztarraren abenturak kontatzen dizkigu eta, era berean, gure historiaren parte bat. Arriskuz betetako abenturaz eta ibileraz gozatzeko aukera bikaina.
Haurrendako proposamena:
- Otsoko eta etxerako bidea (Jim Field; Rachel Bright): Otsokok ez du nahi inork laguntzerik. Baina gau hotz batean galtzen denean konturatuko da besteen laguntza ezinbestekoa dela. Mezua duen istorioa, abentura izugarria eta polita.