Hasteko euskaraz irakurri dudan azkenetako liburua aurkeztu nahi dizuet: Turista klasea, Kattalin Minerren eleberria. Oro har bidaia bat da, bai espazioan eta bai pertsonaiaren barnealdean. Pertsonaia nagusiak, 20 ordutan, 1.600 km egiten ditu preso dagoen lagun bat bisitatzeko. Azken bisita moduan aurkezten du bidaia hori eta denbora eta espazio horretan, pertsonaiaren bizipenak bere kontraesanekin ikusi ahal izango ditugu. Pariserako bidaia horretan, hango giroa eta arazoak ere islatzen ditu. Oso ongi idatzia dagoela iruditu zait eta agian, motz ere gelditu zaidala esango nuke.
Gaztelaniaz berriz, Carmen Molaren trilogia gomendatu nahi dizuet. La novia gitana, lehenengo liburua da, La red púrpura, bigarrena, eta La nena, azkena. Hirurak nobela beltza oso berezia dira. Gogorrak, izugarri gogorrak, eta pentsatzen ez duzun muturreko egoeretara eramango zaituztena. Liburua irakurtzen hasten zarenetik, gelditu ezin zaren horietakoa da. Atsedenik gabe, gustura irakurtzen duzuna eta horretaz gain, bukatzean, erabat harrituta eta txundituta uzten zaituena. Ni ez naiz nobela beltzaren oso zalea baina La novia gitana liburuarekin hasten den trilogia berezia da. Hori bai, zuen irudimenean bortizkeria jasan beharko duzue eta horretarako prest egon beharko duzue.
BAT ziberbullyingaren aurka (Alex Hallatt). gaztetxoendako liburu oso interesgarria da. Hamar urte inguruko haurrendako aproposa. Bat taldearen abenturak kontatzen dizkigu liburuak eta, aldi berean, ziberbullyinga lantzen du. Modu dibertigarri baten bidez, haurrengana, mezu didaktiko moduan iristen da ziberbullyinga zer den eta nola aurre egin azalduz. Bat taldeak, badu beste abentura liburu bat, BAT bullyingaren aurka. Haurrendako liburuak, helburu didaktikoarekin.
Eta bukatzeko, Mafaldaren edozein komiki irakurtzea animatzen zaituztet. Nahiz eta urteak pasa gaurko egoerara primeran egokitzen dira. Txikitan askotan irakurtzen nuena orain irakurri eta nire buruari galdetzen diot: Nola demontre balio dezake duela urte pila irakurritakoak oraintxe, une honetan? Mundua nola dagoen eta nolakoak garen gogoeta egiteko oso lagungarriak izango zaizkizue.