Euskarazko eleberriekin hasiko naiz. Lehenengoa, oraintxe bukatu berri dudan Izaskun Etxeberria Zufiaurre sakandarraren Esaten ez den guztia liburua da. Eleberria zenbait istorioz osatua dago, eta denak trenbidearekin edo errepidearekin lotuta daude. Historia gustatzen bazaizu, gerra garaiko urteetara erabat eramaten zaitu, eta interesgarria da ikustea nola bizi ziren aro hartan. Pertsonaiak bertako jende xumea dira eta idazleak, une batez, kontu bitxiren baten protagonista bilakatzen ditu. Oso gustura irakurri dut eta bertako lekuak aipatzen dituenez oso argi irudikatzen dira istorioak.
Bigarrena Ez erran inori, Maddi Ane Txoperena Iribarren idazlearena. Liburua sexu abusuei buruz da eta gaurkotasunez beteriko gai hori ez da batere atsegina, hori nabaritzen da irakurlean. Askok ez du horrelako ezer irakurri nahi, higuingarria egiten zaie eta egiten zaigu. Horregatik, irakurtzen hasi nintzenean beldurrez hasi nuen irakurraldia eta ez, ez nuen ustekaberik izan, lehenengo atala irakurri nuenean benetan gogorra iruditu zitzaidan, izan ere, ekintzak zehaztasun handiarekin, edo hobeto esanda, handiegiarekin deskribatzen ditu. Liburuko protagonistak, Lidek, bere lehengusuaren sexu abusuak pairatuko ditu, eta sekretu hori isiltasun bihurtuko da. Gu, geu izango gara sekretu horren konplizeak errealitatean askori gertatu izan zaion moduan. Eta sekretu horren ondorio lazgarriak eta kulpa hitzaren errepikapena ere izanen dira protagonistak. Gai gogorra baina beharrezkoa.
Gaztelaniazko eleberriak. Lehena, Desde el pais de los blancos , bizitza gogor batetik bizirik dirauen gaztetxo baten istorioa da. Beste askoren istorioa izan liteke Ousmanena., alegia, joan eta etorriko etorkin askoren bidaia gogorra. Beraien egoera eta bizipenak oso ongi islatzen ditu lehenengo pertsonan idazten duen Ousman Umar protagonista eta idazleak. Merezi du irakurtzea ikusteko zein egoera suertatzen zaizkien bizitza hobe baten bila joaten diren etorkinei. Bigarrena, Últimos días en Paris”, Paloma SánchezGarnica idazlearen azkeneko eleberria da. Hitlerren garaiko bizipenak agertzen dira liburuan. Hitler kantziler izendatu zuteneko garaia da, eta irakurri ahala maitasuna eta gerra gurutzatzuz joango dira. Borroka, bizi iraupena eta harremanak izango dira protagonista. Irakurtzeko atsegina eta interesgarria.