Urte berria hasteko asmo on ugari izaten ditugunez, espero dut zaku horretan gehiago irakurtzeko eta euskaraz irakurtzeko asmo berriak izatea. Horretarako hona hemen nire hiru gomendio, hiru eleberri, hirurak oso desberdinak, baina irakurtzeko errazak eta atseginak.
Lehenengoa, Bar Gloria liburua da. Nerea Ibarzabal, azken bertsolari txapelketan parte hartu zuena, da idazlea. Familia batek bere bizitzan izaten duen erabateko aldaketa eta egoera berri horretara nola egokitzen joaten den kontatzen digu. Egokitze prozesu hori beraien betiko baserritik taberna batera izango da, hau da, landa eremutik herri industrial batera. Eta aldaketa horren ondorioz tabernan bertan gertatzen diren istoriak agertzen dira, hau da, bizipen bitxiak, gogorrak eta edonori gerta litezkeenak. Hori guztia kontatzeko hiru protagonista ditugu: lehenengo biak familia baserritar horren alabak eta hirugarrena, etorkinen sendia den lankidea. Bar Gloriak gertaera oso gogorrak jorratzen ditu, besteak beste, bortxaketa, gizonkeria, garai hartako egoera grisa eta harremanak. Gomendagarria.
Petare. Liburu honetan Miren Egiguren bidaniarrak Caracaseko auzorik probreenean emandako berrogei urte baino gehiagoko bizipenak agertzen dira. Mirenek Euskal Herrira bizitzera itzuli ondoren Venezuelan bizitakoa kontatzen dio Leire Ibarguren idazleari. Urrutiko herrialde hartan horrenbeste urtetan egindako lan kooperatiboa azaltzen dio, ikastetxeak, haurtzaindegiak, ura sartzeko sistema, eta zerrenda luze bat. Beti laguntzeko prest egon den emakume kementsu baten istorio erreala da eta horrek indar gehiago ematen dio kontatzen duenari, bihotza erabat hunkituz. Irakurtzean erabat hunkitzen zaitu ikusteak pertsona batek ezer ez dagoen toki txiro-txiro batean, egoera latz eta tamalgarri horiei nola egiten dien aurre eta nola lortzen dituen, etsi gabe eta borroka eginez, beharrezkoak ikusten dituen baliabideak. Munduan besteentzat lan eta borroka egiten duen jendea badagoela ohartzeko balio izan dit Petarek, alegia, konturatu naiz gizartean badagoela jende zintzoa eta indartsua. Petare izena, auzo pobre horren izena da.
“Haur besoetakoa”. Azken liburua, aspaldikoa eta gainera, aspaldi irakurritakoa. Bere 50. urteurrenaren harira zuengana hurbildu nahi dut Jon Miranderen liburu hau. Teresa eta bere aitabitxiaren arteko harremana du gai nagusi eta gehienbat, bien arteko lokarri hori estutzen nola joaten den ikusiko dugu. Liburu gogorra da, baina, aldi berean, maitasun istorio bat. Maitasun horrek garapen bat izango du eta bide horretako oztopo eta bizipen latzen lekuko izango gara. Oso gomendagarria.