Bazterretik

Udako txokoak

Erabiltzailearen aurpegia Ziordiko liburutegia 2023ko uzt. 10a, 14:13

Irakurtzea gustatzen bazaizu, edozein une eta leku dira onak horretarako. Udaberriak utzitako koloreak eta eguraldi onak eskaintzen dizkigun txoko zoragarri horiek oso aproposak dira liburutegiko liburu bat hartu eta gustura egoteko. Horregatik, hementxe zenbait gomendio eta txoko:

  • Isildutako eskuak. Liburu hau oso aproposa da etxe ondoko lorategi bateko zuhaizpean irakurtzeko. Emakume langileek gerraondoko Euskal Herrian izan zuten lekua ederki deskribatzen digu Joan Abril Olaetxeak. Lodosako kontserberak eta Ondarroako arrain kontserba fabrikako langile emakumeak lotzen ditu istorio batean  eta zein garrantzitsuak izan ziren nabarmentzen du.
     “Enara” izeneko  espartingileak, Atarrabiako paper-fabrikako emakumeak eta beste hainbeste emakumek garai hartan Euskal Herrian   izugarrizko lana egin zuten,  herria, eta aldi berean, familia aurrera ateratzeko.  Liburuak ongi azaltzen digu urte horietako Euskal Herria oso, denboraren-makinarekin atzera egitea bezala sentiarazten zaitu. Polita eta interesgarria.
    Historia gustatzen bazaizu, gomendagarria da zuretzat.
  • Printzak begietan. Iratxe Ormatza Imatz idazleak sortutako liburua da. Igerilekuko gerizpean irakurtzeko aproposa da.   Oraingoan ere, emakumeak dira erabateko protagonistak. XX. mendean izandako aldaketak oso ongi deskribatzen dizkigu idazleak hamar ipuinetan. Ipuin bakoitzak emakume baten bizipenak kontatzen dizkigu, eta oso ongi islatzen du garai hartako testuingurua. Betiko bidegabekeriak, pobrezia, emakumeen zapalkuntza, eta beste hainbat injustizia,  aldaketa bortitzekin nahasten dira Bilboko kaleetan. Garai hartako giro kultural, sozial eta politikoa oso ongi irudikatzen du Ormatzak.
  • Ikusezinak. Erbesteratuen haurrak. Liburu hau munduko edozein hondartzatan irakurtzeko aproposa da. Miren Azkaratek maletadun haur eta nerabeen esperientzia pertsonalak kontatzen dizkigu. Bertan,  herri honetako sufrimenduaren ikusezinak izan diren protagonista handiak izan direnen bizipen gogorrak agertzen dira. Txikitatik bi mundu bizi izan dituzte, alde batetik etxean bizi izan dutena eta bestetik  kalean sentitutako beldurrak. Haur horien bizitzatako egia eta gezurraren arteko borroka eta  tentsioa oso ongi irudikatzen ditu Miren Azkaratek.