Hementxe dituzue udan erraz irakurtzeko Ziordiko liburutegiko proposamenak:
- Barkamena. Existituko balitz bezala/Marana Travacio; Fernando Rey-k itzulia. Mendeku baten istorioa kontatzen digu Marana Travaciok. Greziar tragedia eta western garaia nahasten ditu eta indarkeriaren presentzia nabarmena da. Gizakia noraino iristeko gai den hausnartzera eramaten zaitu, eta horretaz gain, kontakizunaren garaia eta tokia ez ditu zehazten eta ondorioa horixe da, edozein lekutakoa eta momentukoa izan daitekeela. Giza izaera, justizia, indarkeria… nolakoak garen eta izan gaitezkeenari buruz gogoeta egiteko aukera paregabea.
- Mundu zitalaren kontra/Lizar Begoña. Betiko kiosko baten inguruan gertatzen diren istorioak ditugu liburu honen protagonistak. Udan girotuta daude, hiru ataletan banatuta: ekaina, uztaila eta abuztua. Gazte bat Euskal Herritik Benidorm-era joaten da lan egitera. Liburuan izenik ez duen pertsonaia hori erdigune hartuta landuko ditu: zahartzaroa, garai bateko Benidorm eta gaurkoa, gazte eta zaharren arteko harremanak, eta abar. Sentimenduz beteriko eleberria da, eta herri baten bilakaera, ona ala txarra, nolakoa izan den ikus dezakegu. Gainera, aitzakia ezin hobea dugu historian pitin bat atzera egiteko. Bi mundu ikus ditzakegu, alde batetik, betiko Benidorm, oro har, beti ezagutu dugun herri turistikoa, eta beste alde batetik, herriko, egunerokotasunean gertatzen diren egoerak. Esango nuke, BIZITZA, letra larriekin, dela liburu honen mamia. Oso gustura irakurtzen da.
- Monogamoak/ Iñigo Astiz. Eguneroko errealitateari aurre egiteko umorea eta ironia erabiltzen ditu Astizek. Oso ipuin desberdinekin osatutako liburu bat da, eta oso ongi pasatzen duzu irakurtzen. Istorio askok barre gura sortzen dute, eta zeharo dibertigarria egin zait irakurmena. Esate baterako, heriotzaren inguruan jolas antzeko bat aurkezten digu eta barrea eragiten du, zalantzarik gabe. Askotan, ekintza arrunta dena egoera surrealista bilakatzen du, eta lortzen du espero ez duzun zerbaitekin aho zabalik geratzea. Irakurtzeko arina, erraza eta irribarrea sortuko dizuna. Erabat gomendagarria.