1- Euskal kantu errebeldea / Lander Garcia (Euskal Memoria fundazioa)
"Itxi begiak eta pentsatu abesti batean…" Horrela hasten da liburuaren hitzaurrea. Galdera hori irakurtzean, zalantzarik gabe, aspaldiko kantaren bat etorriko zaizu burura, ezta? Bestalde, ziur aski, aspaldiko kanta horiek gure gaztetako hainbat sentimendu ere piztuko dituzte, ezta? Azken batean, modu batera edo bestera, musikarekin hazi izan gara, eta euskal bizitza politikoak ere, beti izan du musika bidelagun.
Euskal Herriko bertso zaharrenetatik euskal rock erradikalera; hortxe topatuko dugu euskal musikak historian zehar izan duen bilakaera; batik bat, euskal mugimenduaren borrokarekin lotutako kantuen letrak daude: elkartasun internazionalisten kantuetatik langileriaren borrokaren kantuetara. Aukera bikaina gure historia musikaren bitartez ezagutzeko, eta guregan sentimendu gazi-gozoak sorrarazteko.
2- Gazako egunerokoa / Atef Abu Saif
Liburu honen idazlea, Atef Abu Saif, Gazan jaio zen, baina 2019an, Palestinako Aginte Nazionalak Kultura ministro izendatu zuenean, Zisjordaniara joan behar izan zuen bizitzera. 2023ko urriaren 7an, baina, lan kontu batzuek aitzaki, bere hamabost urteko semearekin Gazara itzulita zen, eta han harrapatu zuen Israelgo armadaren inbasioak. 85 egunetan kale gorrian egon ondoren, eta heriotzari makina bat aldiz izkin egin ondoren, erabaki zuen bizitzen ari zen basakeria horren kronika egitea, munduak jakin zezan, benetan, zer gertatzen ari zen. Eta hauxe da emaitza. Zoritxarrez, oraingoz, bukaera ez duen kontakizun baten kronika da hau, eta jakina, eguneroko oso gogorra. Hala ere, gomendagarria da, palestinarrak etengabe jasaten ari diren bidegabekeria gertuagotik ezagutzeko.
3- Oneka. Iruñeko erresumaren sorrera / Iñigo Larramendi; Eneko Lizardi
Oneka, Eneko Aritzaren ama, funtsezkoa izan zen Iruñeko erresumaren sorreran.
Komiki honetan, ikusi ahal izango ditugu, modu erraz eta labur batean, VII. mendearen amaieran Baskonian gertatu ziren istorioak, eta haien nondik-norakoak. Adin guztietarako komikia dela esango nuke; irakurterraza, eta gure historiara hurbiltzeko guztiz interesgarria.