1. Munduan barna. Herriak, ipuinak eta giza eskubideak/Xabier Monasterio
Xabier Monasteriok idatzitako liburuan giza eskubideak errepasatzen dira, eta horren aitzakiarekin, liburuak aukera ematen digu munduko zenbait herri eta ipuin ezagutzeko. Liburua 14 ataletan dago banatua, eta atal bakoitzean giza eskubide bat aldarrikatzen da; hori guztia, ipuin eta iritzi artikulu batekin. Laburbilduz, Monasteriok ederki azaltzen du giza eskubideek gaur egun duten egoera. Liburu zeharo interesgarria, eta irakurri ahala, berehala ohartzen zara zein egoera txarrean dauden, jada, orain 75 urte Parisen sinatu ziren aipatutako eskubideak. Are gehiago, liburua amaitzean, ondorio batera iristen zara: Inoiz baino garrantzitsuagoak direla.
2. PUNTO BOBO / Itxaso Martin Zapirain
Familien tabuak azaleratzen dituen eleberria dugu Punto bobo. Egileak esan zuen moduan: "goxoa bezain gordina" da liburua. Bertan emakumeen sufrimendua, osasun mentala eta familia islatzen dira; eta, idazlearen ustez, "esaten denak" bezainbeste garrantzia du "esaten ez denak". Familia bereko lau emakume dira protagonistak, eta bi denbora lerrotan kontatzen du istorioa Martinek; lehenengoa, narratzailerik gabeko elkarrizketa luzea dugu, eta bigarrena, protagonistetako baten istorioa kontatzen da.
Izenburu bitxia du eleberriak: Punto bobo. Punto bobo puntua egiten hasteko lehen urratsa izaten da, eta goiburu hori zeharo esanguratsua da irakurketa hobeki ulertzeko. Protagonista guztiek egiten dute puntua liburuan.
3. SUPER PATATA / Artur Laperla Haurren artean izugarrizko arrakasta dute komiki horiek. Beraien umoreak zein originaltasunak kritika oso onak jaso dituzte; izan ere, liburu fresko eta dibertigarriak dira bilduma osatzen duten komiki guztiak. Maltzur doktore gaiztoak Supermax , ilerik apainena duen justiziaren defendatzailea, patata bihurtzen du. Baina ez da patata soil bat izango, Superpatata baizik. Ordutik, hainbat istorio dibertigarri biziko ditu gure irakurleen gozamenerako.