Aste honetako Guaixera hiru gomendiorekin natorkizue; baina, oraingoan, hiru badira ere, hirurak ez dira eleberriak.
ARGIA aldizkaria
Hasteko, 40 urte baino gehiago dituen aldizkari bat nabarmendu nahiko nuke, ARGIA aldizkaria, alegia. Izan ere, aipatu aldizkari honen gomendioarekin natorkizue, nire uste apalean, astero izugarrizko erreportaje zeharo interesgarriak argitaratzen dituelako. Astero, erdigunean dauden gaiak jorratzen ditu, eta modu ezin hobean deskribatzen ditu. Azkeneko Argian, esate baterako, marokoar baten etxera itzultzearen kronika latza kontatzen du; eta bizipen horrek, bide batez, erabat azaleratzen du gaur egungo etorkinen arazoa. Liburutegietan ARGIA aldizkariaren bilduma ederra aurki dezakezu, eta aukera paregabea izan liteke, bai munduko, eta bai Euskal Herriko zenbait egoera eta istorio ezagutzeko.
BESTE URTE BATEZ/ SAMIRA AZZAM
Samira Azzam palestinarrak erbestetik ipuina baliatu zuen Palestinako herriak eta bere jendeak sortzen zizkioten sentimendu eta pentsamendu sakonak azaleratzeko. Narrazio laburren bidez, inork baino hobeto jakin zuen berak nola txertatu irakurlearengan zirrara eta hausnarketarako gogoa. Oso gazte zela erbesteratutako idazlea, saiatu zen ipuinen bidez herrikideak iratzarri eta gizartea aldatzen laguntzen, bere herriaren egoera tamalgarriaren aurrean. Liburu
honetan, esaterako, hiru gai jorratu zituen: Palestina, emakumea eta jende baztertua. Eta irakurri ondoren, ondorio batera iristen zara: Orain arte, komunikabideetan zenbakia soilik izan ohi diren pertsona horiek guk bezalako arazo arruntak eta ez hain arruntak zituztela, eta dituztela.
ERBESTEAREN MEMORIAK. 37ko Euskal haurrak/Begoña Garrido; Oskar Gorroño
Begoña Garridoren komikiak 1937ko euskal haur erbesteratuen bizitzaren historia ezagutarazi nahi du. Haur horiek beren etxeak, senideak eta guztia atzean utzi behar izan zituzten Espainiako Gerra Zibilaren ondorioz. Bonbardaketak areagotu zirenean, nahitaezko migrazioaren abenturan murgildu behar izan ziren. Hiru pertsonaia nagusien azaletik kontatzen digu fikziozko istorioa, baina argi dago fikzioak errealitate zati handia ere baduela. Erbesteratzearen zenbait etapak banatzen dute liburua; besteak beste, herrialde berrian haurrek hasieran izan zituzten sentimendu kontra-jarriak, herrialde berriak eman zien harrera, eta zenbaiten itzulera nolakoa izan zen. Historia ikasteko eta ikusteko tresna ezin hobea iruditzen zait komikia; zer gertatu zen jakiteaz gain, garaia oso ongi iruditzeko aukera ematen digulako.