Bazterretik

Udarako liburu arinak

Erabiltzailearen aurpegia Ziordiko liburutegia 2026ko uztailaren 20a

Oraingoan, udan irakurtzeko liburu motz eta irakurterrazekin natorkizue.

Bekatua / Goiatz Labandibar

Erraz irakurtzen den liburua dugu hau. Gai sakonak sentimenduz betetako hitzekin lantzen ditu, eta BEKATUA, hitz potoloa izanik, ez du modu moralista batetik jorratzen; aitzitik, betiko erlijio kutsuetatik urrun, norberak bere buruari hainbat galdera sakon egitera bultzatzen du. Istorioa lehenengo pertsonan dago idatzia. Ezezagun baten ohean esnatzen da gure protagonista, eta horrek dakarren errudun sentitzeak zenbait gai sakontzeko aukera ematen digu. Hortaz, gomendagarria, erabat, hamaika gogoeta egitera eramango gaituen "Bekatua".

Bizitza baten txatalak / Onintza Enbeita Maguregi

Onintza Enbeitak Feli Madariagaren ahotsari hitzak jartzen dizkio, eta hitz horiek Feliren bizipen gogorrak kontatzen dizkigute. Bizipen horien bidez, Euskal Herriko edozein emakumeren egunerokoa ikus dezakegu: lan gogorra, lurrari lotutako bizimodua, familia, industriak ekarritako aldaketak… Enbeitak, hitz gutxitan, emakume baserritar ororen bizitza gogor eta latza ederki kontatzen du; alde batetik, bere gogortasunetik, eta beste alde batetik, baserriak lurrarekin beti izan duen loturari balioa emanez. Istorio horietako asko, guk geuk, gure inguruan, gure familietan, belaunaldiz belaunaldi entzundakoak izan daitezke, eta idazleak hizkuntza argi eta hurbil batekin gogorarazten dizkigu. Historia gustatzen bazaizu, eta, gainera, Euskal Herriko ohiturak maite badituzu, hementxe duzu aukera polita bertatik bertara bizitzeko.

Café mokka / Jabier Muguruza

Jabier Muguruzak kafetegi bat, alegia "Café Mokka" kafetegia, gure gizartearen isla bilakatzen du. Bertatik pasatzen diren bezeroen elkarrizketak baliatzen ditu gure eguneroko arazoetan sakontzeko, eta irakurleok hausnarketara eramateko. Idazteko modua oso xumea du Muguruzak, hizkuntza hurbila erabiltzen baitu, eta naturaltasun horrek pertsonaietara erraz hurbiltzen gaitu. Eleberria lehenengo pertsonan idazten du idazleak, eta nire ustez, nahiko autobiografikoa da. Nahiz eta gaiak gogorrak izan, Ironia eta umorea dezente erabiltzen ditu , eta horrek irakurketa atsegina egiten du.