Oteiza bizirik

Erabiltzailearen aurpegia Aingeru Mikeo 2014ko urt. 10a, 06:00

Orioko hondartzako zulo batean sarturik zeruari begira aurkitu zuen hutsunearen handitasuna, kosmogoniaren osotasuna. Nortasun handikoa eta kritika biziko jenioa, Jorge Oteiza. Arantzazuko santutegiko errairik gabeko 14 apostolu ospetsuak egin zituenean ere, Erromako Arte Sakroetako Batzordeak berak amore eman behar izan zuen Oteizaren tinkotasun eta itzalaren aurrean, hasiera batean sakrilegotzat hartu baitziren. Mundu mailako artistarik handienetakoa, bera izan zen frankismoaren aurrean saretutako ‘Ez Dok Amairu’ mugimendu zabalaren bihotza, BLertxundi, XLete, MLaboa eta besteren artean, euskal identitatea birsortu zuena.

Pentsalari oriotarrak ‘Quosque Tandem...! Ensayo de Interpretación del Alma Vasca’  argitaratu zuen 1963an. Bizirik dirauten ohiturak sakon aztertuz, iragan urrunean errotzen den euskal arimaren ezaugarriak erakutsi zituen, kultura indoeuropar aurrekoa. Horrekin batera artean, estetikan eta izaeran, euskaldunak erronka berrietara moldatzeko duen gaitasuna zehaztu zuen: Euskal Estiloa, hau da, euskal gogoak bere baitatik sortuta etorkizunera proiektatzeko duen era, arrotza den klasizismoaren erreprodukzioa izan gabe.

Maisua hilik hamar urte bete direnean, Oteiza Fundazioak erakusketa berezia antolatu du Nafarroako Parlamentuaren sarreran bisitatu ahal dena, ilbeltzaren 31 arte, astean zehar. Artistaren obraren zertzelada batzuk ezagutzeko eta, bide batez, Oteizaren irakaskuntzan sakontzeko aitzakia ederra.

aingerumi@gmail.com