Zer berri?

Erabiltzailearen aurpegia Aingeru Mikeo 2014ko ots. 28a, 06:00

“Zer berri? Zaharrak berri” dio ohiko agurkerak. Baina erlatiboa da esaera hori, denboraren makinak ez baitu etenik, eta hildako aroak ez du bueltarik.

Biziberritu, ez dago besterik! Eta horixe da ihauteriek ospatzen dutena, neguaroa iraganda, amalurrari esnatzeko deia eginez.

Ematen du Nafarroako politikagintzan ere aro bat ixtear dagoela. Horren harira, berriki LAB sindikatuak azterketa bat atera du, zeinetan, Nafarroako Estatistika Institutuak ateratako datuak probestuta, Europako beste herrialdeekin alderaketa egin duen, zentzu zabalean, gizarte ongizateari eusteko zutabe nagusiak sartuz: osasuna, desgaitasuna, zahartzaroa, biziraupena, haurrak eta familia, etxebizitza, bazterketa soziala eta langabezia. Barne Aberastasun Gordinarekiko gastuaren emaitza larria da: Danimarkan %34; Europan batez bestekoa %30; Espainian %27; eta Nafarroan %19. Nafarroaren atzetik, soilik Errumania, Estonia eta Lituania daude.

Nafarroan, gizarte ongizate gainbehera hori krisia hasi aurretik hasia zen, baita ustezko garai ekonomiko hoberen haietan ere, Miguel Sanzek 600 euroko afariak egiten zituenean, Los Arcosko zirukuitua, Sanferminetako museoa, Arena kiroldegia, Abiadura Handiko Trena, itzalpeko peajeko autobideak eta abar, uste handiz sustatu zirenean ere, aberastasuna, herritar ororentzat baino, batzuen lagunen lagunentzat banatu izan denean ere. Horixe izan da Barcina, UPN eta beren lagunek garatutako eredua.

“Zer berri? Hauteskundeak berri?

aingerumi@gmail.com