Gure esku dago

Erabiltzailearen aurpegia Aingeru Mikeo 2014ko api. 17a, 06:00

Nor ez da barrez lehertzen politikarien antzezpenak ikusita? Groucho Marxek zioen ‘politika arazoak bilatzeko artea dela, behin aurkituta, diagnostiko nahasi bat egiteko eta ondoren okerreko botika emateko’. Endredo hoberik? Berriki izan dugu ikuskizun bikaina, hitz eta pitz, ‘bai’ zena ‘ez’ eta azkenean, putza eta puzker. Hori bai, nafarren erara, Madrilekiko morrontza hobetsita.


Krisiaren ondorioz ere ikasi dugu karpa-arrainak ur lohitsu eta uherretan bezain trebe moldatzen direla goi-politikariak, azpijoko, iruzur, “b”kontabilitate, eta abar. Hori bai, Nafarroagatik eta Espainiagatik! Gora Kristo Rey! Bankariak, Jaungoiko berriak! Haiek zehazten dute politikarien doktrina. Nola ez? Haien zerbitzura, leial! Informazioaren manipulazioa, lotsagabekeria eta gezurrak. Susperraldia hasi da! Kar-kar-kar (Botin, Rajoy, Barcina, Goikoetxea…). Justifikatuta dago arpilaketan segitzea (Gora finantzak eta gora espekulazioa!). Baina,  nori axola zaizkio jendartearen mixeriak? Langabe eta langileen neke tristeak? Enpresarien itolarriak? Zerbitzu publikoen eskasiak?  Populazioaren zahartze etengabea? eta abar. Ze aspergarria! Ez al dute xarma handiago Alhambra jatetxeko menu deliciusak? Edo klinika pribatuetako maindire almidoituak? Edo Miarritzeko Casinoko edergarri urreztatuak? Edo Madrileko errege protokoloetako distirak? Edo Bruselako Les Galeries Saint Hubert erakusleihoetako glamourrak?

Utzi politika politikarien esku, eta disfrutatu! Jada, Europarako hauteskundeen zirkoa hasita dago. Hartu txartela lehenengo lerroko aulkirako. Emanaldia hastear dago: ‘Gure esku dago’.