Amorruaren arrakala

Erabiltzailearen aurpegia Aingeru Mikeo Azpirotz 2014ko eka. 13a, 06:00

Denon mintzagaia, erregetzaren oinordetza. Hauxe kalapita!

Alde batean, aberats handiak, eliza katolikoa eta estatuko goi jerarkia, -politikariak eta hedabideak horien tresna izanik-, denak elkar hartuta, erregea goratuz eta txalotuz. Gehiegizko irabaziak eta pribilegioak. Ustelkeria eta lapurreta. Aforatzeak eta erantzukizun ezak. Barra libre! Gora erregea! Beste aldean, berriz, alderdi politiko berritzaileak, sindikatuak, eta, oro har, herritar mugimenduak, aldaketa eskatuz. Bost milioi langabetu, enpresak jota, zerbitzu publikoen gainbehera eta txirotzea; gainera, naziotasunak gaitzetsita,  lege berri neofrankistak. Kaka zaharra! Gora errepublika!

Erregegaiak, Leiren egindako agerraldian, ‘Nire indarrak espainiarrak zerbitzatzen erabiliko ditut’ eta ‘Komunitate bat osatzen dugu’‘. Berdin esaten zuen bere aitak, eta begira, bere agintaldi osoan 8 milioi euro kobratuta, 1.900 milioi euroko fortuna egin du (Forbes aldizkaria); errege bezala bizi izanda, gainera. Ejem! Bera sutsuki txalotzen duten 15 familiek Ibex 35eko 25 enpresa dituzte. Bere egintza argitzen duen Eliza katolikoak 4.500 higiezin inmatrikulatu ditu azken bost urteotan. Ikusten denez, komunitatean, gutxi batzuei bikain doakie, frankotarondoko ‘erregimen’ horrekin. Erregetza, sinboloa, kasta horren pribilegioen sinboloa.

Hedabide batzuek Letiziaren estilismoaz eta sofistikazioaz hitz egin dezagun nahiko dute, baina, hortxe daude datuak, eztabaida eta amorrua. Eta, Iruñean eta Lizarran, ireki da arrakala.

aingerumi@gmail.com