Eltzeko babarrunak gustuko ditut, nahiz AEBko filmetan ez atera.

Erabiltzailearen aurpegia Aingeru Mikeo Azpirotz 2014ko urr. 10a, 06:00

Ez dira gaurko kontua euskararen gaineko topikoak. Horietako bat, zailtasuna nabarmentzea izan ohi da ‘es ke es muy difizil’. Berriki, Mikel Mendizabalen ‘Hizkuntzen berdintasun komunikatiboa: mitoa ala errealitatea’ argitaratu da, egitura eta ekonomia linguistikoaz hainbat adituren iritziak jasoz.

Egileari entzunda, ingelesa goratuz, probatxo sinple bat egitea otu zait eusk/gaz/ing esaldi eredu baten silabak kontatuz: Tesi okerrak garatzen dituzten ‘adituak’ hobeki leudeke isilik  (19) / Los ‘especialistas’ que desarrollan tesis erróneas estarían mejor callados (21) / The ‘specialist’ who develop thesis wrong would be better silent (19). Ez dago halako alderik tamainari dagokionez; hala ere,  ‘aditu’ horiek, indartsuenen lilurak hartuta-edo, batez ere ingelesa edo espainola, hizkuntza urrituak gaitzestea helburu dutela ematen du.

Verónica Engler hizkuntza antropologian adituak argi dio hizkuntza bat ez dela liburu batean jasotako gramatika, baizik eta norbanakoaren, taldearen eta identitatearen agermena. Berriz, Juan Carlos Etxegoien “Xamar” euskaltzaleak dioenez, Euskara Gu gara, gure adimena, euskaldunak. Bakoitza den bezalakoa, aberastasun eta altxor.

Erraztasun/zailtasun, nagusi/urritu, finantza-militarki indartsu/ahul, zein da gakoa? Beti ere, euskaldun jatorrak solasean sumatzen ditut, goxo-goxo,  batere ajerik gabe. ‘Aditu’ horiek, jate kontuekin parekotasuna eginez,  denok hanburgesa koipetsua soilik jaten jarri nahi gaituzte, AEBko filmetan bezala.

aingerumi@gmail.com