Forma bitxia du Jose Iribas gobernuko hezkuntza kontseilariak euskararen alde egiteko, hain zuzen ere, euskaldunon eskubideei mugak jarriz eta euskararen eremuan diharduten talde eta kolektibo guztien aurka eginez, haien jarduera gutxietsiz eta gaitzetsiz.
Berriki, parlamentuko batzordean, legeak jasotako ofizialtasunaren zonifikazioaren defentsa eginez, ‘ez dela nafar hobea izaten, ez euskara jakiteagatik, ezta ez jakiteagatik ere’ ozen esan zuen, batez ere, euskara ez ikasteko eskubidearen aldarrikapen sutsua eginez. Modu bikaina aiton-amonen hizkuntza defenditzeko.
Hala ere, esaldi hori esan izanak barnean harren bat duela adierazten duela esanen nuke. Soziolinguistikan, aski ezaguna den sintoma: berez naturala izan beharko litzatekeen sentimendua, esaterako, norberak bere kulturarekiko edota hizkuntzarekiko atxikimenduaren ordez, guztiz alderantzizko jarrera garatzea, hau da, arbuioa eta gorrotoa. Horren atzean, konplexuak, autoestimu eskasia, identitate arazoak, besteen aurrean den bezalakoa azaltzeak ematen duen beldurra eta abar bezalako faktore psikologikoak egon ohi omen dira.
Bada, jakin beza kontseilariak euskara jakitea, beste hizkuntza bat jakitea bezala, gainbalioa dela, eta baten ordez, bi edo hiru hobe. Areago, Nafarroan, arbasoen hizkuntz moderno honetan hitz egitea plazer bat da, osagai identitario indartsua, kultura aberastasun itzela, eta bizitzan aukera asko zabaltzen dituena. Hala bada, aurtengo Korrikaren leloak dionez, Euskalhaldun! Nahia ahala da.
aingerumi@gmail.com