Azkenaldian, mundu globalizatuko salerosketa merkatuan, bada indar izugarrizko produktu berria: haur jaio berria. Gainera, txakur eta besterekin bezala, hobekuntza genetikoa nahierara bermatua. Aurreko urtean bakarrik, ehundik gora haur jaio berri euskal erosleek inportatuta.
Jakina, oso produktu freskoa behar denez, ez dago azoka edo dendarik. Abokatu-bitartekari bidez gauzatzen da erosketa. Horrela, erosgaia prest dagoenean, zuzenean eroslearen eskuetara. Sinplea.
Alabaina, saltzaile eta eroslearen arteko harreman komertziala ez da orekatua. Batek ahalmen ekonomiko handia, egoera larrian dagoen emakumea bestea. Emakumea ez, ‘alokatutako sabela’ bestea, ama batek ez bailuke onartuko bere seme-alaba besteren eskuetan jartzea. Tartean, haur jaio berriaren duintasunerako berezko eskubideak.
Dagoeneko, haur baserriez hitz egiten da, India eta Peru bezalako herrialde txiroetan eta Ameriketako Estatu Batuetako gizarte geruza apalenetan. Dirutza mugitzen duen produktu berria, dena merkatu bihurtzen duen kapitalismo basatiaren azokan. Aita-ama berrien harrotasuna, ama zaharraren hutsunearen negar gazia.
Frantziak eta Ingalaterrak argi errefusatzen dute jarduera hori inportazioari zailtasunak jarriz; estatuan, berriz, ekoizpena galarazita dago, ez kontsumoa. Bestalde, gaia gori-gori dago Bruselako auzitegian.
Legediaz eta etikaz haratago, ekonomia sozial justiziadun batean, amak ez leudeke seme-alabak saltzera kondenaturik, ezinezkoa izanen litzateke haurren salerosketa.