Zenbaitetan, pertsona bat ezagututa sentsazioa izaten da benetan merezi izan duela, eta aingura edo marka moduko bat uzten dute norberaren gogoan. Duela egun batzuk horrelako pertsona bat ezagutzeko ohorea izan nuen Etxarriko Mandoibai elkarteak antolatutako hitzaldi batean.
Pertsonaren lehenengo itxura ikusita, nahiko alternatiboa esanen nuke, zalantzaren bat sortzen da: berrogeita hamar urte ingurukoa, metro eta laurogeitik gorakoa eta koleta batean hartutako ile erabat urdindua. Alabaina, haren prestakuntza eta lan esperientzia ikusita, benetan aintzat hartzeko modukoa: ingeniaritzan eta agroekologian lizentziatua eta hainbat master egina, Unesco-FAO-NBE eta beste erakunderentzat aholkularitza lanetan aritua, hainbat eta hainbat naziotan ikastaroak emana, eta abar.
Nekazaritza organikoa da bere gaia. XXI. mendeko borrokalariak ekonomia globalaren nagusi “psikopatak” ditu jomugan, eta haien menpeko unibertsitateak zientzialari morroiak sortzeagatik. Munduko aniztasuna xahutuz, monokultiboak inposatzen dituzte. Pertsonen eta herrien aberastasunaren ordez, lobbien espekulazio irabazia. AEBko Monsanto da heriotzaren ikurra, hazi transgenikoen eta pestiziden ekoizlerik handiena.
Jario handiko hiztuna, komunikazioa estrategiak nahierara erabiltzen dituena, argia, ezagutzan jakintsua, lotsagabea, hiztegi dotorea batzuetan, gordina besteetan; edozein modutan, arretaz, harrituta, eta entretenituta entzuteko modukoa.
Jairo Restrepo kolonbiarrak bizitzaren aldeko erabaki kontzientea hartua du eta aurre egiten dio mundua hondamendira eta heriotzara daraman erraldoiari. Energia transmititzen du eta erakusten du gauzak beste modu batera ere egiten ahal direla.